GARA > Idatzia > Kultura

Zizurkilek Itziar Nazabalen artelanekin ospatuko du Emakumearen Eguna

N.B. | ZIZURKIL

Erotismo eta emakumeari buruzko erakusketa piktoriko bat proposatuko du Zizurkilgo kultur etxeak bihartik aurrera Emakumearen Nazioarteko Eguna, martxoak 8, ospatzeko asmoz. Itziar Nazabal artista altsasuarraren obrak jarriko dituzte ikusgai hilaren 10era arte.

Nazabalek gai desberdinak jorratzen ditu, baina Zizurkilera eramango dituen sailak «Sexuaren plazera» eta «Ametsezko marokoar kaleak» dira. Lehenengoan gorputz biluziak dira protagonistak, xehetasunez beteak baina aurpegirik gabeak, zuri-beltzean egindakoak baina inguruak kolore bizien eztandaz zipriztinduak dituztenak. Gizonezkoak ageri diren arren, emakumeek berebiziko garrantzia dute, gorputzaren kurbetan arreta berezia jartzen duelako Nazabalek.

Bigarren erakusketak Marokoko zenbait paisaia ekarriko dizkigu. Gaiarekin lotuta, bihar 19.00etan egingo duten inaugurazioa berezia izango da. Chill out arabiar bat jarriko dute eta Titiriteroak taldeko Jaione Albenizek sabel-dantza egingo du. Bertaratutakoek meriendarako bi aukera izango dituzte, tea mentarekin eta pasta magrebtarrak, edo xanpain koktela eta marrubiak txokolatearekin. Nahi duenak Nazabalen obrak erosi ahal izango ditu.

Aste osorako agenda

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin lotuta, asteartean, 19.00etan, «50 sombras de Grey» liburuaren inguruko mahai ingurua izango da. Munduan zehar duen arrakasta literarioaren nondik norakoak eta agertzen diren emakumeen rola aztertuko dute solasaldian.

Martxoaren 8an 19.00etan parekidetasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute plazan eta, ondoren, Atxulondo kultur etxean «Gezurretako printzea» izango da ikusgai. Hurrengo egunerako irteera bat proposatu dute Oteiza museora eta Iruñera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo