Julen MURGOITIO
Sartu eta ikusi!
Ez dakit demokraziaren usaina zelakoa den, inoiz ez baitut horrelakorik gertutik usaindu, sudurzuloetan buxadurarik ez izan arren; kasik Karakorumeko ardi-babak usaindu ditut gehiago. Ezagutzen dudana, ostera, «demograzia» da, fikzioaren txisteek ezin dituztelako politika ofizialaren komeriak ezelan ere ordezkatu. Horra, begira Italian izan den azken kolpea! Ez, ez nago Vatikanoko konklabe kontu horretaz, Vatikanoak inguruan duen Estatu antzeko horretan izan diren hauteskundeez nago. Komiko bat izan da horietan eta emaitza onak atera! Gaitz erdi! Eta pailazo bat, emaitza hobeekin curriculum vitae ezagututa. Eta teknokrata, uztan urri ibili arren... «Sartu, sartu eta ikusi, munduko ikuskizunik handiena aspaldian dago hasita, ez galdu! Demograzia! Sartu, sarrera librea da! irteeran kobratuko dugu!...» Irrigarria. Erromatar haien zirkuek gaurko italiar askoren karpa ekarri dute, lehoiak Madrilgo Kongresurako utzita. Badakizu, enborra eta ezpalak, nolakoa eta halakoak. Pentsatzea ere Europan nonahi direla berezko italiarrak, are gehiago, burbuilak burbuila, Mediterraneoko penintsuletan! Gizajoak gero, itsaso horretako ur zikinak!. Pentsatzea ere kontinente guztietan direla berezko europarrak! Pentsatzea ere eguzki-sistemako astro askotan izan daitezkeela berezko estatuba- tuarrak! gogoa ere eduki behar da espazio-ikerketan segitzeko! Ama, ama! Zabortegian usaingarriena zaborra bera! Ondoko ustelari hatsa dario eta.
Lehoiena esan dudala, politika esaten den karpapeko horretan komikoak periferian egotea ez da txarra, kar-kar; are gehiago, arnasgarria suertatu daiteke hori zentro aldean pailazo ugari direnetan. Politika zer horretan komikoak barrea sor lezake, pailazoek negarra eragiten dute. Gure beheko penintsula ofizialean egunotako elurteek beraiek ere ezin izan dute zuritu ustelkeriaren beltza; haizeak moketa altxatu eta hara! kakazkoak bata bestearen atzetik doaz argia ikusten, Erromako Koliseoko hareako indusketetan gladiadoreen gorpuzkiak lehoien kaka fosilduetan barrena agertuz doazen bezala, errenkan.
Bai, politika aldatzen ari da, eskerrak gure karpapean be- hintzat demokrazia aldera egiten duela. Horra! jelkideak desobedientzia zibila babesteko prest! Tira, zerbait on ekarri die behintzat, eurei ere, atez atekoak.