GARA > Idatzia > Mundua

Kimioterapia tratamendua jasotzen ari da Hugo Chavez presidentea

GARA | CARACAS

Hugo Chavez Venezuelako presidentea kimioterapia tratamendua jasotzen ari da Caracas hiriburuko erietxe militar batean, abenduan pelbis inguruan egin zioten laugarren operazioaren ondoren.

Nicolas Maduro presidenteordeak jakinarazi du agintariaren egoera zein den, Chavez ingresatuta dagoen Doctor Carlos Arvelo ospitalean La Esperanza izeneko kapera inauguratu ondoren.

«Chavez komandantea jasotzen ari den tratamendua oso gogorra da, baina berak tratamendu horiek baino indar handiagoa du, eta animoz ondo dago», zehaztu zuen Madurok ospitalean bertan egindako adierazpenetan.

Pelbisaren inguruan aurkitutako minbizia sendatzeko asmoz Chavezek jaso behar dituen «tratamendu osagarrien artean» dago kimioterapia, «El Universal» egunkariak emandako informazioaren arabera.

«Ez diezaiogun inori presidentea ukitzen utzi. Guri eraso egin, kalean gaudenak gu baikara», nabarmendu zuen Nicolas Maduro presidenteorde eta Chavezen ondorengoak. «Presidenteak dena eman du aberri honengatik», gaineratu du.

Maduro presidenteordeak nabarmendu du Gobernuaren lan egitasmoak aurrera jarraitzen duela eta Exekutiboa eta PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batua bat eginda daudela. Datu horiekin gezurtatu zituen hedabide batzuek («Abc» egunkari espainola eta Kolonbiako Caracol irratia aipatu zituen) zabaldu dituzten zurrumurruak, Chavez oso gaizki dagoela diotenak. «Gezur horiek dira erabateko deskonposizio prozesuan daudenak», erantsi zuen Madurok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo