GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Nazio gisa aritzeko

 

Udalbiltza berriz martxan dago. Prentsa errepikatzen ari da oraindik ezker abertzaleko hautetsien batzar soila dela. Etxeko lan asko daukagula gogoratzen digu, bide luzea baina ongi asmatua izan dena. Europaren aurrean nazio berri baten agerpena liteke tendentzia guztietako instituzio nazionalaren sormena. Oraindik tendentzia bakarretako instituzioa dela erran daiteke. Ez da gutxi!

Tendentzia nagusi bat falta da, EAJk ez du itzultzeko borondaterik erakusten. Udalbiltzak indar handiagoa luke EAJ bertan balitz. Agian denborarekin emanen diren urratsekin haien hurbiltzea ebidentzia bihurtuko da eta hor izanen ditugu berriz. Gisa guztiz, hau elementu bat baizik ez da, gure aldetik ere, nahiko lan daukagu Ipar Euskal Herriko hautetsien egutegian Udalbiltzaren lana kokatzea. Gehiengo handiak horren berri ez du eta guri dagokigu informazioa hautetsi guztiengana eramatea eta haien baitan interesa piztea. Hau ez da irabazia Ipar Euskal Herriarentzat instituzio berri bat eskatzen delarik, datorren urteko herri hauteskundeen bezperan, kanpainan prestatzen hasi beharko delarik. pfffff... Politika nahiko hurbiletik jarraitzen dutenentzat gauza guzti horien sailkapena segitzea ez da sinplea, orduan soilik herri mailako politikan interesatzen direnentzat nahiko sagaio gertatzen da. Asimilazio prozesuak frantses estatuari lotutako instituzioei bakarrik utzi die tokia, instituzio berri bati buruz joatea iraultza txikia da!

Donostiako Victoria Eugenian Itsaso eta Xabier gurekin izan ziren Loren Arkotxaren hitzen bitartez. Hau emozioa! Xabier eta Itsaso, oraindik urrun, preso. Itsaso gogoan dugu Ipar Euskal Herriko hautetsiok hain alai eta baikor ikusten genuen militante argia. Ezagutu genuen eta eraman ziguten sasi inkulpazio baten pean, urte andana pasatzeko etsaiaren ziegetan. Larunbateko berrantolaketarako bilera Udalbiltzaren militanteak izan diren eta errepresioa pairatzen dutenen errebantxa, erantzuna da. Izan ere, atxilotzen jarraitzea erabakitzen badute ere beste abertzaleak altxatuko dira lekukoen hartzeko. Biltzarraren argazkiak ederki erakusten duen gisan aurpegi gehienak berriak dira, beste batzuek lekukoa hartu baitute.

Instituzio ofiziala xutik, Udalbiltzarekin, aurrekontuak nazioa erdigunean duten proiektuen finantzatzeko alde batetik eta Independentistak Sarea, herritar guztiak lotzeko beste aldetik, independentziaren aldarrikapena indartzeko, eremu guztietan normalizatzeko, ondoko urteetako lana perspektiban jartzen lortzen ari naiz hain mugikorra den une honetan.

Emazteen presentzia azkartu egin da ere, lehendakaritza emazte baten ardurapean gelditzen da. Parekotasuna segurtatua ez bada ere nahikeria hor dago eta hau preziagarria da Euskal Herrian lanean ari diren emazteen kopurua kontuan harturik.

Aberri Eguna prestatzen ari garen honetan tresnak eskuetan dauzkagu, borroka lerroak definituak daude eta nazio gisa aritzeko erakusleiho izanen dira garai berri hauei aurre egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo