GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Alex TXIKON | Alpinista

«Zortzimilakoetan neguan saiatzea beste kontu bat da»

p048_f02_159x104.jpg

Lemoarrak gustua hartu dio mendi garaiek neguan duten «xarma» bereziari. Oraingoan seimilako bat izan da; gogorra bai, baina zortzimilakoen exijentzia ez du sentitu.

Egin berri duzuen espedizioan belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartu zarete. Zure adineko gazte baten freskotasuna nabarituko zen, ezta?
Oro har, aitortu behar dizut ondo baino hobeto pasa dugula. Eta, horretaz gain, ondo baino hobeto konpondu gara. Bai, Ramon eta Juanjo, adibidez, zaharragoak dira, baina, zalantzarik ez dut oso alpinista handiak direla. Jakina, alde fisikoari begiratuta, hauek gure atzetik daude. Baina beste atal batzuetan asko eman dute. Egundoko eskarmentua dute, eta, adibidez, soken erabileran asko ikasi dut.

Azken bi urteotan G-1 mendiarekin erabat lotuta egon zara. Hots, zortzimilako bat neguan igotzen saiatu zara. Orain, berriz, bi mila metro gutxiago duen beste bat aukeratu duzu, eta horrek harritu nau. Proposamen berezirik ez al zenuen?
Aitortu behar dizut xede horretara ni egokitu naizela. Riglosen BASE saltoa egiten ari ginela, Ramonek Lailara neguan joateko proposamena egin zidan. Hori larunbat batean izan zen, eta biharamunean baiezkoa eman nion. Hitz batean esanda, Ramonengatik joatea erabaki nuen. Berez, poloniar batzuekin Broad Peakera abiatzeko gogoz egon nintzen, baina, esan bezala, azken orduko aldaketak egon ziren.

Eskuarki, neguan igo gabe dauden zortzimilakoak dira alpinista ororen helburua. Beste era batera esanda, garaiera txikiagoko mendietara ez da inor hurbiltzen. Zuek Lailaren neguko lehen igoera egin duzue. Kontuan izanda, seimilako «txiki» bat dela, ze garrantzia ematen diozu horri?

Inolako zalantzarik gabe, zortzimilako batean neguan saiatzea bestelako kontua da; erabat ezberdina da. Lailakoak ez du antzik zortzimilako batekin, baina mendi polita eta gogorra da.
   Neguko denboraldiak asko markatzen du garaieran. Esango nizuke 7.000 metrotik gora egoera asko aldatzen dela. Alabaina, jarduera ederra egin dugu. Gailur eguna, adibidez, oso ona izan zen. Goizeko sei eta erdietan abiatu, tontorra jo eta gaueko zortzietan bigarren kanpalekura iritsi ginen. Gailurrera iritsi ginen eguna gogorra izan zen oso. Jaitsierak, berriz, G-1 mendian bizitakoaren antza izan du. Uste dut mendi eder batean aktibitate ederra egin dugula.

Haatik, Sebastian Alvarok adierazi zuen Lailan sinatutakoak egun zortzimilako batzuetan egiten dena baino garrantzi handiago duela. Ados al zaude?

Badakizu Sebastian nolakoa den. Ez, ez dut bat egiten Sebastianek esandakoarekin. Esan dizudan bezala, zortzimilakoak, batez ere, garaieragatik, beste kontu bat dira.

Lailakoan, bederen, igoerak ukitu teknikoa izan du.

Bai, hala da. Hamabi luze egin genituen; guztiak ala guztiak banatu ere. Adibidez, dorre batean Josek 6a zailtasuneko luze bat egin zuen. Horretaz gain, malda zein zeharkaldi pikoak gainditu behar izan genituen; 70°ko aldatsak eta guzti. Luze teknikoez gain, hauek zuten konpromisoa azpimarratu nahi nuke. Eta horrek biribildu du eskalada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo