Kamino Saiz, Arantza Fernandez de Garaialde, Endika Rodriguez | STEE-EILAS
Hitz-erdika, euskal hezkuntza sistemaren defentsan
Otsailaren 11n Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kultura sailburuak agerraldia izan zuen Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Sailaren egitasmoak ezagutzeko irrikan genbiltzanok hurrengo baterako itxaron beharko dugu, ezer gutxi argitu baitzuen Cristina Uriartek. Euskal Curriculuma, euskara, EHU-UPV, ekitatea, hezkidetza, 0-6 urtekoentzako arreta... hainbat desideratum entzutea pozgarria da, Madrildik datorren uholde atzerakoiarekin alderatuta, baina aipamenetatik harago joan behar da. Agerraldiak adierazi zigun sailburuak ez zuela bere egitasmoaren berri eman nahi izan edo bere gobernu-egitarauak berak ez duela asmo handirik.
Galdera gehiegi geratu dira airean: beharrezko azpiegituren bidez bermatuko al da eskaintza publikoa zonalde guztietan? Partzuergoko Haurreskoletan jaitsiko al dituzte neurrigabeko kuotak, matrikulatzeko orduan jatorrizko ezberdintasunak gaindiezinezkoak bihurtu ez daitezen? Jarraituko dute irakasleek 2 urteko 18 ikaslerekin klasean? Tribunal Gorenaren sententziaren ondoren, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeen finantziazio publikoarekin jarraituko dute? Unibertsitate Plana errespetatuko da EHUrako? Lan Hitzarmenak erreforma laboralaren markoaren arabera negoziatuko dira?...
Euskal hezkuntza sisteman ez dugu izar-ideia berririk eskatzen, indarrean dauden murrizketak kendu ondoren daukaguna aurrera eramateko eta garatzeko konpromiso zehatza baizik. Eta horretaz kezkatzeko arrazoiak eman zizkigun Uriarte andreak: murrizketak egingo dituztela baieztatu zuen, nahiz eta gero gaineratu murrizketa horiek ez dutela eraginik izango kalitatean ezta langileengan ere. Ez gaitu harritzen EAJ-PNVk hauteskunde kanpainan erabilitako mezua (hezkuntzan ez da murrizketarik izango) modulatu izanak, baina guztiz sinesgaitza da hori: aurreko urteetan EAEn murrizketarik ez zegoela adierazi zigutenek BPGrekiko 0,7 puntu murriztu zuten hezkuntzako aurrekontua eta antzeko esalditxoa errepikatzen zuten: «gutxiagorekin gehiago, egin». Ez da posiblea gure hezkuntza sistema hobetzea ez badira baliabide gehiago inbertitzen.
Sailburuaren arabera, ikasleak eta irakasleak izango dira Gobernuaren jardueraren ardatzak, baina hori bateraezina da murrizketa politikarekin: azken urteetan gero eta ikasle gehiagorako (+% 8,3, 2010etik) gero eta irakasle gutxiago izan dugu (-% 0,2); gero eta erronka eta exijentzia gehiagorako, gero eta baliabide gutxiago eskolarako edo unibertsitaterako; gero eta lan zama handiagoa irakasleentzat, gero eta lan baldintza kaskarragoak... Bateragarria al da irakasleekiko errespetu hori 2013rako ezarri duzuen soldataren izoztearekin (%17-18ko galera eros-ahalmenean 2010etik) edota ordezkapenik ez bidaltzearen ondorioz egiten zaion lan zama handitzearekin?
Dena dela, esanak haizeak daramatza eta horregatik Cristina andereak berehala aurkeztuko dituen aurrekontuen bidez izango du hitzetik haratago joateko aukera. Oraingoz aurreratu duen erabaki bakarrean guraizeak izan dira protagonistak, ordenagailu berriak erosteko programa bertan behera utzi baitu. Erabaki hau erosoa eta ulergarria bada ere, denak ez dira berdinak izango.
Euskararen arloan ez dago inolako aurrerapenik: gure hizkuntzaren defentsarako prest agertu zen Hezkuntza Saila, baina egun indarrean dauden hizkuntza ereduen iraupena bermatuta; hau da, gurasoen us- tezko nahiari errespetua gordetzeagatik (bakarrik esparru honetan ematen zaie gurasoei aukera beren haurren curri- culuma diseinatzeko) ez dira errespetatuko hizkuntza eskubideak (ez da euskararen gutxieneko ezagutza bermatzen) eta kohesio sozialari eta aukera berdintasunari erasotzen jarraituko dugu hainbat eskolatan.
Lege eta Eskola Itun Berria helburutzat hartu omen ditu Hezkuntza Sailak legealdirako. Kanpoko erasoei aurre egiteaz gain gure sistema hobetzeko izan behar dute, eta berriro ere gako nagusietako bat administrazioaren hezkuntza gastua izango da, urrun baitago Europako batez bestekotik eta nazioarteko gomendioetatik. Hartuko al du zure Sailak halako konpromisoa hurrengo urteetarako?
Jantzia txikia geratu zaiola asko handitu den gure hezkuntza sistemari eta halakoak asko entzuten ari dira azkenaldian Eskola Itun berria eta Hezkuntza Lege Propioari erreferentzia egiteko. Agian arrazoia dute eta ezinbestekoa da, baina begi bistakoa da denok ez dugula eredu berbera. Batzuek, administrazioaren aldetik finantziazioan irakaskuntza publikoaren aldeko balizko diskriminazioa salatu ondoren, hezkuntzaren pribatizaziorako urrats berriak eman daitezen ari dira eskatzen. «Behar berdinak, baliabide berdinak» diote irakaskuntza publikoaren funtsezko balioa aitor- tzen ez duten bitartean. Eztabaida irits daiteke, eta horregatik aukera ederra galdu du sailburuak defendatuko duen ereduaz hitz egiteko.
Wert izeneko Hezkuntza Erreformarako legearen aurrean desadostasuna adierazi zuen. Hezkuntza Gobernuaren ustez, elkarrizketa eta Lege propioak babestuko gaituzte kanpoko politikarien gorabeheretatik. Baina kanpoko erasoak jasotzen ari bagara ez da lege propiorik ez dugulako, baizik eta Madrilgo Gobernua tematu delako zentralizazio prozesuan eta Espainiaren eratze nazionalean, hezkuntzarako marko atzerakoia eta pribatizatzailea ezartzearekin batera. Diru faltagatik atzeratzen badute ere, horren aurrean ezadostasuna adieraztea baino zerbait gehiago ez al da egin beharko?
Guk uste dugu baietz, hitz-erdika ibili gabe hezkuntza sistema defendatu daitekeela testuinguru zehatz batetik. Gure administrazioei LOMCEren aurkako inplikazio zuzena eskatu behar diegu, ez aplikatzeko konpromiso argiarekin. Euskal gizarteari, berriz, murrizketen eta inposizioen aurkako mobilizazioei babesa eman diezaiela. Ildo horretatik dei egiten diegu hezkuntza eta gizarte eragile guztiei LOMCE eta hezkuntzan ematen ari diren murrizketak salatzeko eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.