GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

2012ko tituluak banatu dira: Festa giroan abiatu da WCT itzulia

Iazko irabazleen sariak banatzeko urtero egiten den festak eman dio irekiera aurtengo WCT zirkuituari eta lehen txapelketa hasi da.

p052_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Hasi da aurtengo WCT zirkuitua, baina egun hauetan Australian lehian izango diren munduko 34 lehiakide onenek zita garrantzitsua izan zuten joan den astean, iazko munduko txapeldunak ofizialki izendatu gabe ez baitago urte sasoi berria hasterik.

Urtero bezala, WCT itzuliko lehen txapelketa hasi baino egun bat lehenago hitzordu garrantzitsua dute lehen mailako lehiakideek.

Australiako Gold Coasten, alegia, itzuliko lehen txapelketa egiten den leku berean, festa esanguratsua izaten da. Bertan, iazko irabazleak saritzen dituzte eta, bide batez, urte berriaren hasierarako irekiera festa moduko bat izaten da.

Iaz munduko txapela eskuratu zuten bi lehiakideak Joel Parkinson eta Stephanie Gilmore australiarrak izan ziren; beraz, haiek izan ziren gaueko izar nagusiak. Joel Parkinsonek hamarkada oso bat behar izan du halako batean munduko txapela eskuratzeko, eta hala, «ezkonberri koroa» esaten diotena eskaini zioten.

Hunkituta jendartera zuzendu zen Parko: «Ederra da gau honetan zuek guztiak hemen izatea. Denok batera gatoz; beraz, pozten nau elkarrekin iazko urtea ospatzeak, baina niretzat bihar bertan hasten da sasoi berria. Gaur gauean, zorioneko sentitzen naiz hemen, nire familiaren babesarekin, maite zaituztet, zuengatik ez balitz, ez nintzateke hemen izango».

Bestelako sariak ere izaten dira ordea, eta, hortaz, bi australiarrak ez ziren izan oholtzara igo ziren lehiakide bakarrak. Hasiberriaren saria esaterako, bi hawaiiarrek eskuratu zuten; nesketan, Malia Manuel gazteak eta, mutiletan, berriz, John John Florencek.

Longboard modalitatean Taylor Jensen estatubatuarra izan zen 2012ko txapelduna mutiletan, eta nesketan, berriz, Kelia Moniz hawaiiarra. Gaztetxoen mailan, Junior irabazlea nesketan Nikki Van Dijk australiarra izan zen, eta mutiletan, Jack Freestone australiarra.

Bestelako sariak ere izan ziren, mota desberdinetakoak, batzuk, gainera, ikusleek Internetez emandako botoekin erabakitako sariak izan ziren. Hala nola, urteko olatu onena (Gabriel Medina eta Stephanie Gilmore), urteko maniobra ederrena (Kelly Slater eta Carissa Moore) eta surflari gogokoena (Sage Erickson eta Taylor Knox).

Iazko txanda bozkatuenak, alegia ikusleek maiteen zituzten txandak, bi izan ziren. Batetik, Kelly Slater eta Mick Fanningen artekoa, Bells Beacheko eskuin olatuan izan zutena.

Nesken kasuan, berriz, txanda ikusgarriena Laura Enever eta Tyler Wrighten australiarren artekoa izan zen, Gold Coasten bertan izandakoa.

Parkinsonek esan bezala, aurtengo zirkuitua jada hasi da eta aste honetan bertan egiten ari dira itzuliko lehen txapelketa Snapperseko eskuin olatu famatuan. Australia surfaren hiriburua da momentu honetan, dudarik gabe, handik baitatoz lehiaketari dagozkion albiste gehienak.

Joan den astean, bigarren mailako (WQS) txapelketa garrantzitsu bat ere izan zen bertan, New Castlen, eta irabazlea, hain zuzen ere, iazko munduko txapelduna izan zen: Joel Parkinson. Nesken kasuan, berriz, Dimity Stoyle atera zen garaile.

Australian, Newcastle hirian izan zen WQS zirkuituko txapelketa, «Burton Toyota Pro Surfest». Garrantzitsua zen, zeren urtea hasi denetik izar (sei izar) gehien zituen txapelketa zen; beraz, mundu osoko lehiakideak bildu ziren bertan.

Oraintxe bertan egiten ari diren WCT zirkuituko lehen txapelketa Newcastletik oso gertu dago, eta bertan parte hartu behar duten lehiakideetako asko ere txapelketa honetan izan ziren, Joel Parkinson bera kasu. Mutilen finalean izan zen beste surflaria ere WCTko 34 lehiakideetako bat da, Alejo Muniz, 23 urteko brasildarra.

Nesken kasuan ere WCT zirkuitua osatzen duten hamazazpi lehiakideetako bat izan zen finalean, Sally Fitzgibbons, 22 urteko australiarra alegia. Baina irabazlea orain artean nahiko ezezaguna izan den lehiakide bat izan zen, Dimity Stoyle, australiarra hau ere.

Txapelketa hau irabazita, aurtengo honetan ere indartsu datorrela erakutsi du Joel Parkinsonek eta ikusleen artean faboritoetako bat izaten jarraitzen du.

Gauza bat da jendeak maite duen surflaria eta beste gauza bat da marka babesleek goraipatu nahi duten lehiakidea. Batzuetan biak pertsona bera izan daitezke.

Hasi berria den Snapperseko txapelketako antolatzaileen faboritoa behintzat, argia da; izan ere, txapelketako txartelean aurpegi ezagun bat agertzen da aurtengoan; Kelly Slater.

Martxoaren 13ra arte iraungo duen WCTko lehen txapelketan, aurten lehen mailan izango diren lehiakideez gain wildcar gonbidapena eskuratu duten surflariak ere izango dira, Dane Reynolds estatubatuarra kasu. Ikuskizuna ziurra da.

joel parkinson

«Pozten nau hemen zuekin egoteak eta elkarrekin iazko urtea ospatu ahal izateak; finean, denok batera gatoz, baina niretzat bihar bertan hasten da sasoi berria»

slater vs fanning

Iaz izandako txanda bozkatuena, ikusleek gogokoen izan zutena, Kelly Slater eta Mick Fanningen artekoa izan zen, Bells Beacheko eskuin olatuan izan zuten itzelezko lehia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo