GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Errekor berri bat, olatu baten gainean 20 kilometro egin ostean

p052_f03.jpg

Haritz LARRAÑAGA | INDONESIA

Steve King, 48 urteko surflari britainiarrak, 64 minutu egin ditu olatu baten gainean. Indonesiako Sumatra uhartean dagoen Kampar ibaian sortzen den olatua amaigabea da. 12,8 milia egin zituen surflariak, alegia, 20 kilometro eta erdi.

Modu honetan errekor berri bat lortu du britainiarrak, olatu gainean denbora gehien egin duen surflariarena alegia.

Itsasaldien mugimenduak sortzen duen olatu hau krokodiloz josia dagoen ibai batean gora joaten da; beraz, bidean ez erortzeko bestelako arrazoirik ere bazuen surflari honek. Hala ere, hainbeste denbora olatu gainean egiteak hanketan eragiten duen presioa apur bat arintzeko, momentu batean buruz behera ere egin zuen ibilbidea.

Steve King, trenbide ingeniariak, beste errekor bat lortu zuen 2006an. Orduko hartan, 7,6 milia (12,2 kilometro) egin zituen olatu gainean Ingalaterrako Severn ibaian. Ibaian gora olatuan denbora gehiago egin zezakeela jakin zuenean ordea, errekor berri batean pentsatzen hasi zen eta horretarako Indonesiara bidaiatu zuen.

Honela mintzo zen surflaria: «30 urte daramatzat surf egiten. Azken urteetan topatu den olaturik luzeena da Kampar ibaian sortzen den `Bono' olatua eta proba egin beharra sentitzen nuen. Gainera, hemengo olatuak Ingalaterrako ibaian sor daitezkeen olatuak baino hiru bider handiagoak dira, eta horrek oraindik gehiago erakartzen ninduen».

Ibaian ziren bestelako arriskuei zien beldurra ere aitortu zuen britainiarrak: «Bidean, pare bat krokodilo txiki ikusi genituen eta beldurra ematen zuen, zeren kumeak diren lekuan haien amak ere badaude, nahiz eta agian ikusten ez diren», eta umorez gaineratu zuen: «Halakorik ez duzu aurkituko Severn ibaian».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo