GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Bestelako izarrak Surflari Ernegatua

 

Urtean zehar uretan bainujantzian edo ur jantzi estuekin ikustera ohituta gauden surflari ezagunak dotore jantzita agertzen dira ASPko sari- banaketa festara.

Zinemako izarrak bailiran, luxuzko auto garestietatik jaitsi eta alfonbra gorria zeharkatzen dute, neska edo mutil lagun metrosexuala eskutik hartuta. Denek dirudite maitemindu, denek dirudite zoriontsu.

Zer nolako arropak, zer nolako soineko eta praka ederrak. Eskote ongi neurtuak nesken lepo aldeetan eta gorbata edo tximeleta-begizta mutilen paparretan. Mendebaldeko edozein aita-ama harro edukitzeko estanpa.

Tira, nire semea horrela ikusita harrotu baino lotsatu egingo nintzateke, baina badakit ezohikoa dela nik dudan ustezko uste hau. Badakit jendartean eman behar den irudiak zer nolako garrantzia duen, itxuren garaian bizi gara, baina ekidin ezinezko galderak sortzen zaizkit urtero, arropa berdinen atzean surflari desberdinak ikusita.

Ez ote da horien artean «gorputz arrunt bat» maite duen lehiakiderik? Denek gustu berberak ote dituzte? Inork ez ditu emakume edo gizon lodikoteak maite? Orduan, denek gauza bera edan eta jango ote dute? Ez ote da homosexualik Australian? Edo agian denak nire auzoan bizi dira? Eta nola egiten ote dute txortan? Denek aldi eta modu berean? Zergatik ez da gainontzekoez bereizi den lehiakiderik?

Luxuzko festa horretan parte hartzeko zortea banu, alfonbra gorria zapatilekin zeharkatzen imajinatzen dut neure buru handi hau. Eskutik haragi ederrak dituen bikotea hartuta, ingurukoengan inbidia sortuko nuke, dudarik gabe, mota horretako jendea mozkortzen denean norengana hurbiltzen den bai baitakit.

Beraz, desberdin jantzi, desberdin ibili eta bestelako bikotea izango nituzke, bai, baina horrek desberdin egingo ninduke? Agian, festa txatxu horien eredua gutxiesten hasteko momentua ere bada, ezta? Eredu kontuetan, muina ez baita «nola», «nolakoa» baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo