GARA > Idatzia > Kultura

MUSIKAREN ETORKIZUNARI BURUZKO HAUSNARKETA

Musikaren bidea, fisikotik «streaming»-era

Diskoen salmentaren beherakadak ez du etenik. Azken urteetako estatistikek hori berretsi baino ez dute egiten. Hori dela eta, egileak musikaren, eta batez ere euskal musikaren, etorkizunaren inguruan hainbat datu eta gogoeta azaltzen ditu.

p056_f01.jpg

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Fisika edo kimika. Fisikarik gabe ez dago kimikarik. Fisikorik gabe (gorputzik gabe) ez dago bizitzaren kimikarik. Itxura fisikoak barneko kimikak baino balio erantsi handiagoa duenean ongizatearen gizartean, gero eta potinge gehiago erabiltzen du gizakiak itxura gordetzeko. Tamainak inportatu duen maiz erabilitako galdera dugu, batez ere, sexu gaietan. Zentimetroei garrantzia emanez barneko kimikaren ordez. Kopuruen erlatibizaziora ailegatzen garenean konturatzen gara bizitzarik dagoen gutxieneko salmentetara ez bada iristen egindako inbertsioa. Diskoen salmentari dagokionez, euskarri fisikoaren salmentaren beherakadak 2001etik ez du etenik, disko salmenta %77 joan da behera. Noiz desagertuko da disko fisikoari geratzen zaion %23 hori? Noiz desagertuko da CD fisikoen fabrikazioa?

Dendetako diskoen apalategiak biziki apalak izango dira baina disko fisikoak fabrikatzen segituko dute hurrengo hamarkadan. Lau faktore nagusiri esker iraungo du disko fisikoaren presentziak: bat, nahiz eta laster beste moduak egongo diren diskoaren promozioa egiteko, gaur egun, oso lagungarria da disko fisikoa, zuzenekoak bultzatzeko aurkezpen txartel modura bada ere. Bi, opariak. Urtebetetzeak, Olentzero eta abar. Oparitan diskoa asko eman ohi dira, dinamika hori ez da lehertuko bat-batean. Oraingoz ez dago ongi ikusia streaming-eko musika oparitzea, baina urte batzuk barru streaming harpidetzak oparitzea ohikoa izango da.

Hiru, musikazaleen zaletasuna disko fisikoak erosteko eta erabiltzeko. Oraindik berebiziko altxorra da eta argitaletxeak zaindu beharko dute disko bereziak eginez (luxuzko edo gero eta edizio txukunagoek balio erantsia emango diete eta erosle-bezeroaren arreta gehiago erakarriko dute). Lau, zuzenekoetan taldeek eurek saltzen dutena izugarria da eta azken boladan goragoa doa ez baitago dendarik non erosi diskoa. Salmenta zuzena salmenta bikaina da. Euskal Herriak badu beste laugarren bat: Durangoko Azoka, burbuila, oasi, euskal kulturaren bidesaria... Eta iraun dezala barruan zein kanpoan daudenentzat.

Fisikoaren gainetik digitalaren gogoa jarri nahi du industria erraldoiak eta ahuldadea eragotziko dio azken urteetan eskukatutako pirateoari eta proposamen zapaltzaileekin erantzun ohi zaio betidanik industriatik. Artxiboen trukaketa edo P2P egileak epaitegietan nahi ditu industria erraldoiak. Beti ari dira neurri irmoak eskatuz, legearen kolpeak deuseztatzeko trukaketa. Baina horrek problemaren atentzioa desbideratzea baino ez dakar.

Zapaltzea ez da bidea. Dena den, euskarri digitalean jarri dituzte esperantzak pentsatuz fisikoak galdutako ehuneko handi bat berreskuratuko duela. Biniloa berriro agertu da saltokietan baina mantentzearekin nahikoa egingo du. Kasetaren euskarria desagerturik bazegoen ere, talde batzuek eurei buruz hitz egiteko formula bezala hartu dute. Kaseta hilda dago. Fisikoari gertatu zaion antzekoa jasango du kantuen salmenta digitalak. Trantsizio digitalak ez du izango ibilbide luzerik. Kantuen euskarri berri baten zain dago dirua mugitzen duen industria boteretsua. Toki fisiko gutxiago dagoenean, espazio eta gune garbiagoak eta ez hain itogarriak desio direnean, irteera ez da abesti fisiko edo digitalak pilatzea. Abestiak, albumak eta musika bideoak deskargatzea igo da baina bere horretan geratuko da. Politonoek eta ringtonoek (mugikorretako) eurena egin dute. Ia inork ez ditu erosten. Edonondik abestietara ailegatzea izango da irteera, streaming bidezko politikek beteko dituzte entzuleen gogoak. Diskoen bildumak egitea ia ezinezkoa egingo da. Kantuetara iritsiko gara hilero kuotak ordainduz streamingeko zenbait atarira jota. Atari espezifikoak sortuko dira atari generalistei konpetentzia eginez.

Urte batzuk barru musika garraiatu beharrean euskarri fisikoetan, geldirik egongo da lainoan. Gu mugituko gara eta gauden tokitik gustukoen ditugun abestiak entzungo ditugu. Bozgorailuak ez dauden lekuetan norberak bere belarrietako entzungailu bereziak izango dira musika lasai entzuteko. Akats bat oraingoz: musikariek ez dute orain saldutako diskoarengatik bezalako ordaina jasotzen. Kopuruak egokituko dira. Guk euskal streaminga izango dugu bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo