GARA > Idatzia > Mundua

Milaka herritar irten dira kalera Bulgariako sistema politikoa salatzeko asmoz

Ezegonkortasun politikoa larriagotzen ari da Bulgarian, atzo herrialdeko makina bat hiritako kaleetara protesta egitera irten ziren milaka lagunek gogorarazi zutenez. Betiko alderdiak posizio ezerosoan daude.

p023_f02_148x104.jpg

GARA | SOFIA

Nazioarteko berri agentzia batzuek egindako kalkuluen arabera, Bulgariako 90.000 pertsona inguru irten ziren atzo kalera gero eta larriagoak diren pobrezia eta ustelkeria salatzeko helburuarekin.

Era berean, herrialdeko sistema politikoa ere salatu zuten, Europako beste leku askotan gertatzen ari den moduan. Sistema bera eta politikariak dira manifestarien oihuen jomuga, ustelkeria eguneroko ogi bihurtuta baitago Europako herrialde horretan.

Sofia hiriburuan 10.000 pertsona inguru elkartu ziren protesta egiteko, eta 70.000 inguru Itsaso Beltzaren ertzeko Varna hirian, Bgnes berri agentziak eskainitako datuen arabera.

Orain hilabete hasi ziren bulgariarren protestak, argindarraren salneurriaren igoerak eraginda. Herritar askok berogailua itzali beste erremediorik ez dute izan, piztuta edukitzea garestiegi ateratzen baita.

«Mafia» askotan oihukatu zuten Sofiako manifestariek. Baita «Borisov oligarka kartzelara» ere. Boiko Borisov behin-behineko lehen ministro da une honetan, otsailaren 20an berak zuzentzen duen Gobernuak dimisioa aurkeztu baitzuen. Manifestarien presioak eragin zuen erabaki hura.

Behin-behineko exekutiboa osatu arte -iturri batzuek uste dute aste honetan bertan gerta daitekeela hori- karguan jarraituko du. Bulgariako egoera argitu beharko luketen hauteskundeak maiatzaren 12an egingo dira.

Fakturarik ez ordaindu

Varnako manifestariek, berriz, ura eta argindarra ez dituztela ordainduko adierazi zuten. Zerbitzu horiek atzerriko konpainien esku daude egun, Austriako eta Txekiar Errepublikako hiru enpresen esku hain zuzen ere. Energia banaketa berriz nazionalizatzeko exijitzen dute, zerbitzua merkatu egingo litzatekeelakoan. Manifestarien eskarien artean daude ere Konstituzioaren aldaketa, trantsizio gobernu baten eraketa, parlamentariek duten immunitateari amaiera ematea eta herritarrek erabakiguneetan esku hartzeko aukera gehiago izatea.

«Azken 23 urteotan agindu duten alderdi guztien aurka»

Bulgariako politikariak bertako manifestarien oihuen jomugan daude, atzo Sofiako herritar batek bTV telebista kateari adierazi zionez: «Komunismoa erori zenetik, hau da, azken 23 urteotan agindu duten alderdi politiko guztiak arbuiatzen ditut. Orain atzera egiten badugu, egungo egoera ez da batere aldatuko».

Politikarien jarduera salatzeko garaian bat egiteko gai diren herritarrak, ordea, ez dira ados jartzen beren babesa nori eman erabakitzeko orduan, begiraleek nabarmendu dutenez. Inkestek diote ez GERB Bulgariaren Garapen Europarraren aldeko Herritarrak izeneko eskuineko alderdiak, ez BSP Bulgariar Sozialisten indarrak (aurreko agintaldian Gobernuan zegoen, ustelkeriak bere gainbehera eragin zuen arte), ez dutela gehiengo sendorik lortuko eta, beraz, alderdi horien arteko negoziazioak egin beharko direla gobernua osatu ahal izateko. «Argi dago manifestariak ez daudela bat eginda eta horrek berehala suntsitu dezake orain jendeak erakusten duen gogo bizia», adierazi zien kazetariei Georgi Trendafilov manifestariak. Sei urte daramatza Bulgariak Europar Batasunean, baina herritarrak ez dira «europar» sentitzen.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo