GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora | Finala

Txapela ez da buruz aldatu

Unai Otañok eta Joseba Otaegik lortu zuten garaipena. Iraupen proba izan zen erabakigarriena, hor lortu baitzuten aldea.

p043_f01_199x124.jpg

p043_f02_097x068.jpg

Jon LEUNDA

Joseba Otaegik eta Unai Otañok lortu zuten atzo Azpeitian Urrezko Aizkorako txapela. Zizurkilgoak eta Ibarrakoak iaz ere garaipena lortu zuten, eta atzo ere txapelari eusteko modua egin zuten.

Sei lan ezberdin egin behar izan zituen bikote bakoitzak, baina aurrez iragartzen zen moduan, azkeneko lanean erabaki zuten atzo jokatu zuten finala, hau da, txanda librean lan egin behar izan zuten iraupen proban.

Jaialdiari hasiera emateko, 45 ontzako enborra ahalik eta kolperik gutxienean moztea izan zen lana, eta hor Otaño eta Otaegi gailendu ziren, 40 kolpetan ebaki baitzuten enborra, aurkariei baten aldea kenduz.

Bigarren lana, bi 45 ontzako erlojuz kontra ebakitzea zen, bakoitzarentzat bat. Hor aldea gehitu egin zuten Otañok eta Otaegik. Lana minutu eta 41 segundoan amaitu zuten, eta seiren aldea lortu zuten.

Hirugarren lanean, zutik jarrita 60 ontzako enborra bota behar izan zuten, txanda librean. Hor Nazabal eta Zubiaga gailendu ziren, eta alde nabarmena kenduz, gainera. Lana 2 minutu eta 22 segundoan amaitu zuten, eta Otañok eta Otaegik, berriz, 2 minutu eta 41 segundoan, sailkapeneneko lehen postura pasatuz.

Laugarren ekinaldian, bikote bakoitzak bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen, eta hor berriro ere Zubiaga eta Nazabal gailendu ziren. Lana 3 minutu eta 30 segundoan amaitu zuten, eta beste sei segundoko tartea zabaldu zuten, sailkapenean aldea gehitzen jarraituz.

Bi lan geratzen ziren amaitzeko, eta Nazabalek eta Zubiagak aurretik jarraitzen zuten. Hasi aurretik askoren ustez beraiek ziren faboritoak, baina txapeldunek garbi utzi zuten iaz zerbaitegatik lortu zutela txapela, eta aurten ere ez zeudela gauzak bertan behera uzteko prest.

Azkeneko bi lanetan aurka zuten aldea iraultzeko modua egin zuten, eta bai Otaegik eta bai Otañok oso itxura ona eman zuten, oso sasoi onean daudela argi eta garbi utziz.

Bosgarren ekinaldian, 45 ontzako enborra zutik jarrita, eta kana-erdiko bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten, eta hor hasi zen bikote gipuzkoarra aldeak murriztu eta garaipenera gerturatzen. Lana 3 minutu eta 21 segundoan amaitu zuten, eta aurkariek, berriz, 3 minutu eta 29 segundoan.

Oraindik ere Floren Nazabalek eta Jose Anjel Zubiagak jarraitzen zuten lehen postuan, baina lanik handiena eta gogorrena geratzen zen, iraupen probakoa, eta hor ez zen emoziorik egon, egungo txapeldunak, Otaño eta Otaegi, jaun eta jabe izan ziren, eta aurka zuten alde guztiari buelta eman eta txapela jantzi ahal izan zuten.

Iraupen proba

Azkeneko lana 12 minutu eta 22 segundoan burutu zuten, eta Nazabalek eta Zubiagak, berriz, 13 minutu 53 segundoan amaitu zuten. Lan guztiak burutzen, 24 minutu eta 21 minutu pasa zituzten, eta nafarrak eta arabarrak, berriz, 25 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten.

Amaieran txapeldunak gustura ziren, iaz lortutako txapelari eusteko modua egin zutelako: «Oso gustura gaude. Txapela lortzea zen helburua, eta hori lortu dugu. Zutikako lanean ez dugu asmatu, eta hor tartea kendu digute, eta horri buelta eman behar izan diogu, baina bagenuen iraupen proban aldeari buelta emateko itxaropena, eta lortu dugu», esan zuen Joseba Otaegik, atzoko finala jokatu ostean.

Zaleen ustez, berriz, Zubiaga izan zen besteak baino ahulago ibili zena, batez ere iraupen proban. Otaegik eta Otañok, berriz, itxura bikaina eman zuten. Otaegi zaleek oso ongi ikusi zuten. Hemendik hilabete eta erdira apustua jokatuko du Antonio Senosiainen aurka. Unai Otaño ere bikain aritu zen, eta gipuzkoarrek garbi utzi zuten gaur egun goi mailan ez daudela kasualitatez, eta berriz ere kontuan hartu beharrekoak direla.

Jauregi eta Kañamares nagusi, zilarrezko mailan

Zilarrezko mailan ez zen ezusterik izan, eta garaipena erdietsi zuten Jauregik eta Kañamares III.ak. Atzo jokatu zen finala Azpeitian, eta hauek ere sei lan ezberdin egin behar izan zituzten. Hemen ere iraupen proban erabaki zen, ordura arte gauzak estu joan baitziren.

Daniel Vicente eta Iker Vicente, atzoko finaleko zaharrena eta gazteena ziren. Sei lanetatik hiru irabazi zituzten. Lehen, hirugarren eta laugarren proba izan ziren beraientzat, baina gero faboritoak gailendu ziren. Iraupen proban bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten, eta hor erabaki zen dena. 16.55 izan zen irabazleen denbora eta 17.46 vicentetarrena.

J.L.

Ñapurrak taldea izan da onena 600 kilokoan

Atzo jokatu zen Goma Gaineko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia 600 kilokoan, eta Ñapurrak gailendu zen. Berarekin batera, Sokarri, Abadiño, Ibarra, Iparralde eta Murueta sailkatu ziren finalera. Sokarrik eman zuen atzoko ezustea, bigarren postuan amaitu baitzuen saioa. Ezpeletako taldea, berriz, nagusi izan da jokatu diren bi jardunaldietan.

Badaiotz eta Ibarra, berriro ere berdinduta

Nesketan atzo jokatu zen 500 kilokoan lehen jardunaldia, eta garbi ikusi zen Ibarraren eta Badaiotzen artean lehia handia eta ikusgarria izango dela. Bi taldeek Bizindar mendean hartu zuten, eta elkarren arteko neurketa berdinduta amaitu zuten, talde bakoitzak tiraldi bana irabazi baitzuen. Azkena, berriz, Bizindar geratu zen, jokatu zituen tiraldi guztiak galdu ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo