Josebe Egia
Twitterkeria larriak
Sarean ez dagoena ez da existitzen. Baieztapen horrek muturrekoa irudi lezake, baina, ondo pentsatuz gero, badu oinarririk. Badauka, zure lanaren zati handi bat jendearengana iristea baldin bada, jendea honetaz edo hartaz konbentzitzea eta haien botoa lortzea. Badu, esaterako, politikaria bazara. Lehen, kanpainak une jakin eta mugatu batean egiten ziren, horietan jartzen zuten politikariek komunikazio ahalegin berezia, horiek ziren euren plaza nagusiak; orain ere egiten dituzte, baina jendearenganako komunikazioa eta nolabaiteko gertutasun edo hartu-eman sentsazioa eragin nahia eguneroko eginkizun bihurtu dira, hain zuzen, sare sozialen bidez. Eta hor kokatzen da Twitter ospetsua, ospetsua batez ere ospea duen jendeak bertan botatzen dituen zentzugabekeria eta astakerien oihartzunagatik.
Twitterren hanka sartzen azken txapelduna Toni Canto aktorea izan da. Egun UPyD alderdi politikoko diputatua denak, karaktere gutxi jakin batzuetan iritzi, sentimendu edo nahi dena trinkotzeko eta aditzera emateko balio duen tresna horren bidez, kristorenak idatzi zituen genero indarkeriaren inguruan. Hitzetik hortzera ibili dira egunotan, hain dira izugarriak -gezur borobilak diren heinean-, eta hain larria bere alderdiaren Berdintasun sailaren boze- ramailea izatea iritzi eta adierazpen horien arduraduna. Antza, Toni Cantok, bere xalotasun eta ezjakintasunean, Genero legeek kalteturikoen federazioarekin (oraindik sinetsi ezinik nabil halako elkarte bat dagoenik) bilera bat izan ostean argitaratu zituen datuak: Espainiako estatuan indarkeria matxistagatik jartzen diren salaketa gehienak faltsuak dira; bikote edo bikote ohiak eraildakoen heren bat gizonak dira; 2004. urtetik Espainiako Gobernuak 2.080.000.000 euro jaso ditu, izan ere, Europar Batasunak 3.200 euro ematen ditu tratu txarrak jasotzen dituen salaketa bakoitzagatik.
Hiru twitter, hirurak gezurrak. Hirurak datuei eta estatistikei erreparatze hutsarekin egiaztagarriak. Hirurak jendarteko gaitzik larri eta errotuenetarikoa erauzteko eta behin betiko gainditzeko egiten ari den lan guztiaren kontrakoak, horren garrantzizkoa den sentsibilizazio eta kontzientziatzearen sustapena zapaldu eta kontrakoa bultzatzeko ahaleginak. Normala, eragindako iskanbila, dimisio eskakizunak.
Espainiako estatuko alderdi politiko nagusi bien alternatiba izan nahi duenaren Berdintasun bozeramailea horretan badago, biktimak nor diren ere argi ez daukala, bere ahotsa genero indarkeria borrokatzeko gobernuen arrazoi bakarra lor daitekeen dirutza dela jakinaraztera eskainia, eta bere alderdiaren zuzendariak halako egoera baten aurrean txintik ere esaten ez badu, alderdiaren norabidea baino norabide eza da argi geratzen dena.
Behintzat, twitterkeria horiek ez dira oharkabean igaro eta jendarteko sektore askok ozenki adierazi dute ez dagoela halakoak onartzerik, politikariek euren arduragabekeria ordaindu egin behar dutela, barkamen eske hutsa ez dela nahikoa, zenbait gai garrantzitsuegiak direla arintasunez hizketan ibiltzeko. Edo twitteatzen.