GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoa Encounter jaialdi informatikoak ehunka lagun elkartu ditu Tolosan

Topaketen arduradunek nabarmendu dutenez, partaideek prestakuntza eta proiektu profesionalentzako orientabidea eskatzen dute gero eta gehiago. Antolakuntzak hiru egunen balorazio positiboa egin du.

p017_f03_35511.jpg

GARA | TOLOSA

Ordenagailuen maitaleek hitzordu saihetsezina izan dute Tolosan asteburu honetan: Gipuzkoa Encounter jaialdi informatikoa. Eta antolatzaileek emandako datuen arabera, gustura geratu dira gerturatutakoak. Guztira, 600 partaide, 450 ordenagailutan kokaturik, eta 1,45 milioi gigako barne sareko mugimenduarekin.

Jaialdiaren amaiera baliatuta, Sabino San Vicentek, Euskal Encounterreko koordinatzaileak, hiru egun hauetan gertatutakoaren gaineko hausnarketa eta balorazioa egin zuen. Adierazi zuenez, topaketa honek «hezkuntzarako aukera anitz eskaintzen ditu, parte-hartzaileak ezagutza horiek modu naturalean eta zuzenean trukatzen dituztelako elkarrekin».

«Gipuzkoa Encounterrek `ciber unibertsitate' izaera dauka, partaideek sareko lana egin eta elkarren artean ikasten baitute», gaineratu zuen San Vicentek. Elkarlanean aritzeko eta batak besteari laguntzeko borondate hori lehenengo urtean bertan antzeman daiteke, eta azken urteotan indartu egin da, bereziki parte-hartzaileen talentu eta sormenak nabarmen gora egin duelako.

Hori dela-eta, hurrengo edizioari begira aldaketak egongo direla iragarri zuten antolatzaileek. San Vicentek berak esan zuenez, proiektu berriak bultzatzeko ekintzak indartu egingo dira. Zehazki, hazkuntza garaian dauden robotika, bideo-joko eta arte digitalak. Aldaketa hauek udako Euskal Encounterren aurkituko ditugu, antolatzaile berberen eskutik.

Gazteen prestakuntzarako bokazio horren erakusle, larunbatean bideo-jokoen sektoreko bi enpresetako arduradunek eskainitako bi hitzaldiak. Arturo Monederok (Delirium Studios) eta Mikel Calvok (Pulsar Concept) bideo-jokoen munduan lan egin nahi duten grafistei, musikari digitalei eta programatzaileei zuzendutako hitzaldia eskaini zuten. Halako jarduera gehiago ere izan zen. Beste tailer batean, 3Dko inprimagailuen aukerak landu zituzten.

Antolatzaileak, gustura

Sabino San Vicentek oso gustura amaitu zuen hiru eguneko jaialdia. Pozik, bereziki hilabete luzeetako lanak emandako fruituengatik.

Egitarau osoa kontuan hartuta, oso nota altuarekin baloratu zuen topaketa. «Hilabeteak daramagu dena prestatzen eta oso pozgarria da helburuak lortu ditugula ikustea», gaineratu zuen koordinatzaileak.

«Informatika party»-en zaleak zenbait hilabete itxaron beharko dute gurean halakoez gozatzeko. Hurrengo hitzordua, udan, BECeko Euskal Encounter ezagun eta erraldoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo