Izaskun Landaida Larizgoitia | Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria
Berdin gehiago da
Berdintasunak demokrazia gehiago dakar, ongizate gehiago, jakintza gehiago eta errespetu gehiago. Horixe ekarri nahi du gogora Emakundek martxoaren 8an
Berdintasuna, edo, hobeto esanda, berdintasun eza, emakumeei soilik eragiten dien arazoa dela pentsatzea zuhaitzari begiratu eta inguruko basoa ez ikustea bezalakoxea da, arazoari begiratu eta arazoaren oinarri den ekosistema ez sumatzea bezalakoxea. Emakumeen eta gizonen arteko eskubideak ez du oraindik gure gizartea konkistatu, eta horren eragin negatiboak argi eta garbi ikusten dira emakumeen bizitzan. Nahikoa da inguruan begiratzea edo datuak kontsultatzea: oso emakume gutxi daude erabakiak hartzen diren guneetan; laneko desberdintasuna; denboraren erabilera ezberdinak; etxeko lanak egiten eta etxekoak zaintzen askoz denbora gehiago pasatzen dute emakumeek; emakumeek emakume izateagatik jasaten duten bortxakeria... Desberdintasuna emakumeentzako zenbaterainoko kaltea den erakusteko adibide batzuk besterik ez dira.
Baina, egia den arren gaur egun gizartean daukagun sistemak gizonei pribilegio batzuk ematen dizkiela taldean hartuta, egia da ere sistema horrek rolen eta aurreikuspenen bereizketa zurrunean oinarrituta egonik, oztopoa jartzen diela gizonei ere: mugak alor afektiboan, adibidez, edota bazterkeria, gizarteak agintzen dien arrastotik irten eta jendartean betidanik «emakumezkoenak» jotzen diren zenbait zeregin eta jarrera jendearen aurrean hartuz gero.
Hala, bada, berdintasun ezaz ari garenean, ez gara ari bakarrik emakumeen arazo batez. Hori baino zabalagoa da kontua: berdintasunaren aldeko apustuak munduaren eta gizartearen ikuspegi zabalagoa du, eta perspektiba sakonagoa.
Berdintasunaren aldeko jarrerak, lehenik eta behin, gure mundu hau antolatzeko bestelako era bat proposatzen du, banakoen garapen indibidualaren gainetik, gizarte guztiaren aurrerapenaren alde egiten duena. Berdintasunaren bidetik, emakumeek nahiz gizonek beren gaitasuna erabat garatzeko modua izango dute eta erabakiak genero-rolen eta estereotipoen inongo eraginik gabe hartzeko; berdintasunak aukera ematen digu den-denoi buruaskiak izateko bai gurekiko bai gizartearekiko, eta norbera eta hurkoa zaintzeko lana denen artean banatzen laguntzen du: gutako bakoitzak bere burua eta hurkoa zaintzeko erantzukizuna hartu behar du, jakina, baina erakunde eta enpresek ere besteak zaintzen inplikatu behar dute, beste inor zaintzeak indarra ematen diolako solidaritateari eta hierarkiatik kanpoko gizalegeari; lankidetzan oinarritutako harremanak sortzen dituelako; inor goian edo behean ez dagoen harreman afektiboak ekartzen dituelako, aniztasuna errespetatuz, eta demokrazia sendotzen eta gizarte justuagoa, lotuagoa eta ekonomikoki zein sozialki garatua eraikitzen laguntzen duelako. Gure munduaren epizentroa aldatzea proposatzen du berdintasunak, jendea eta jendearen bizimodua jarriz erdian.
Berdintasunak demokrazia gehiago dakar, ongizate gehiago, jakintza gehiago eta errespetu gehiago. Horixe ekarri nahi du gogora Emakundek martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean.
Eta horrexegatik diogu «berdin gehiago da». Berdintasuna giza eskubidea delako, jendarte osoari on egiten dion eskubidea.
Eta berdintasuna behar dugulako, ez gizarteko multzo batekiko justiziaren alde, baizik gizarte osoaren mesedetan.