GARA > Idatzia > Ekonomia

Murrizketen «erasoari» kalean erantzungo diote Osakidetzako langileek

Sektore publikoan ezarritako murrizketek Osakidetzan izango dituzten ondorioengatik kezkatuta daude osasungintza publikoko langileak, lanpostuak galtzeaz gain, zerbitzuen kalitatea kaskartuko delakoan baitaude. Bestalde, neurri horiek etorkizunari begira aberastasuna sortzea galaraziko dutela uste dute. Horregatik, euren lanpostuen eta osasungintza publikoaren aldeko borrokan «bista-bistan» izango direla ziurtatu dute, «eraso» orori erantzunez.

p031_f01.jpg

Iraia OIARZABAL |

«Ze etorkizun edukiko dugu?» Horixe da Osakidetzako langileek sektorean gertatzen ari diren murrizketen aurrean egiten duten galdera. Atzo, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek agerraldi jendetsua egin zuten Donostia Ospitalean, osasungintza publikoan egiten ari diren murrizketak salatu eta «eraso» orori erantzuteko kalean izango direla adierazteko. Ildo horretan, ez dute baztertzen grebara deitzeko aukera.

Lourdes Barragan eta Ainhoa Gutierrezek hartu zuten hitza langileen izenean eta ohar argia helarazi zuten, hain zuzen ere, Lakuako Gobernuak onartutako lanaldiaren luzapenak ondorio zuzenak izango dituela langileengan. Ildo horretan, Josu Erkoreka Gasteizko Gobernuko bozeramaileak «albo eraginak» aipatu izana salatu zuten. Ondorio horiek «izen eta abizenak» dituztela baieztatu zuten. Zehazki, 4.000-5.000 behin-behineko langile ingururen postuak arriskuan daudela ohartarazi zuten.

Bestalde, Lakuak negoziazioetan hartu duen jarrera gaitzetsi zuten, eta guztia «itxurakeria» izan dela salatu. «Egunean bost minutuko jardunaldi igoera dela esaten dute, baina egia bestelakoa da», aitortu zuten. Horrela, azken hiru urteetan soldata %20 baino gehiago jaitsi dietela eta norberaren eginkizunetarako egunak, antzinatasun egunak eta opor egunak kendu dizkietela jakinarazi zuten. Berriki onartutako lanaldiaren handitzea, beste «eraso» bat dela uste dute. «Gauzatu ditugun mobilizazioei gure lan eskubideak are gehiago murrizten dituen dekretazo batekin erantzun die PNVk», baieztatu dute.

Kaleratuak izan daitezkeen langileez gain, «Estatuko aurrekontuetan jasotako Enplegu Publikoko Eskaintzaren debekua mantenduz milaka pertsonari ateak ixten» zaizkiela uste dute. «Enplegurik sortzen ez bada, ez da aberastasunik sortuko», ohartarazi zuten.

Grebarako aukerak

Oraingoz, EAJ, PSE eta EH Bildurekin batzartu dira egoeraz mintzatzeko. Lehenengoak inongo irtenbiderik ez diela eman aipatu zuten, euren erantzuna «besterik ez» dagoela izan dela. Era berean, Jon Darpon Osasun sailburuak darabilen «gatazka terminologia» kritikatu zuten eta «gatazka» norbaitek piztu badu, arduradun politikoak izan direla salatu zuten. PSE eta EH Bildurekin izandako bileren harira, horiek langileen eskakizunak jaso eta adostasuna adierazi zietela baieztatu zuten.

Egoera horren aurrean, euren lanpostuak defendatzeko mobilizatuko dira hurrengo asteetan. Deialdi agenda jakinarazi ez zuten arren, oraingoz, ez dute grebarako aukera guztiz baztertzen. «Bista-bistakoak izango gara, immobilismoa herri mugimendu bihurtuko da eta herritarrek gaur egungo kudeaketa publikoaren errealitatearen berri izango dute», ohartarazi zuten. Hurrengo protesta, martxoaren 12an egingo dute Gasteizko Parlamentuan, gainerako langile publikoekin batera.

emakumeak

Martxoaren 8aren bezperan eta Osakidetzan langileen %75 emakumeak diren heinean, «inposatutako» azken neurriak «emakumeen aurkako eraso zuzena» direla salatu zuten.

pribatizazioa

Osasun Publikoa pribatura bideratzen ari dela salatu zuten eta horren adierazletzat jo zuten «bezero» hitza erabiltzen hasi izana gaixoez hitz egitean. Pribatizaziorako joerak langileen lan baldintzak okertuko dituela diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo