GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zergatik konbentzitu behar dira Barne ministroak epaileek eman beharreko ebazpen bati buruz?

Barne ministro espainiar Jorge Fernandez Diazek atzo esan zuen estatuek eskubidea dutela «beren politika kriminalaren eta zigorren interpretazioaren eta aplikazioaren gainean erabakitzeko». Legearen eta izenpetu dituzten itunen araberakoak baldin badira, ahaztu zitzaion esatea ministro jaunari. Esanguratsua da behin eta berriz Euskal Herriko prozesua oztopatzeko aitzakia legea izaten duenak ñabardura hori ahaztu izana. Hain zuzen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina legez kanpokoa dela ebatzi zuen joan den uztailean, eta hilaren 20an Estatu espainolaren helegitea aztertuko du. Zuzenbide estatu bateko ordezkariek onartu beharko lukete horren gainean Europako auzitegiak ez bestek ebatzi behar duela, inolako presiorik jasan gabe ebatzi ere. Baina Fernandez Diazek doktrina horren aurkako epaiak Europar Batasun osoari eragingo liokeela konbentzitu nahi ditu EBko gainerako Barne ministroak, atzo esan zuenez. Zertarako, ordea, ebazpena ez baitagokie ministro horiei? Ministro espainiarrak, ustez epaileen independentzian sinesten duenak, sobera jakina zena aitortu zuen atzo, Estrasburgoko Auzitegiari presio egiten dihardutela, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo