GARA > Idatzia > Euskal Herria

Korrika badatorrela iragartzeko jaia egin dute Bilboko Alondegian

Forma eta material ugaritako zutabeen artean, jendea paseatzen eta haurrak lurrean jolasean zebiltzala, egin zuten atzo ilunabarrean 18. Korrikaren aurkezpen jaia, gizarteko hainbat arlotako gonbidatuekin.

p024_f02.jpg

Maider IANTZI | BILBO

Zigor Lampre DZ aurtengo lasterketaren kanta sortu duen Esne Beltza taldeko kidea musika nahasten ari zela joan zen jendea pixkanaka-pixkanaka Bilboko Alondegira sartzen. Haur ilara batek lurrean etzanda jarraitzen zuen agertoki borobilean gertatzen zen guztia, plaza baten antza duen eraikinaren erdialdean kokatua. DJaren ondotik, Beñat Vidal AEK-ko Mintzalagun Egitasmoen koordinatzaileak bertsotan egin zuen ekitaldiaren sarrera.

Gonbidatu pila bildu zen, instituzioetako ordezkariak, ikastoletakoak, unibertsitateetakoak, hainbat elkartetakoak, idazleak, kirolariak, sindikatuetako lagunak... Batzuk aipatzeagatik, han ziren Kontseiluko Paul Bilbao, Elhuyarreko Itziar Nogueras, IKAko Gurutze Sarasola, Euskaltzaindiko Erramun Osa, Bizkaiko Aldundiko Miren Dobaran eta Gipuzkoako Larraitz Ugarte, Uxue Bilbao Basketeko Salvador Guardia, Ilaski Serrano eta Kike Amunarriz. Edurne Brouard Korrikako arduradunak eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak «Eman euskara elkarri» leloaren esanahia oroitu zuten -«denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du»- eta edizio honetan euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka lagunak omenduko dituztela ere bai.

Ikasle horietako batzuek pertsona ezagun batzuekin egindako bideoa eman zuten agertokian jarritako pantaila handian -youtube.com/watch?v=HI6-HnEkg64-en ikus daiteke-, eta bukatzeko, photocoll-a eta pintxo eta edari goxoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo