Bere bizitzaren armairuko ateak ireki ditu Miren Agur Meabek «Kristalezko begi bat» nobelan
Poesia eta haur eta gazte literaturako liburuak aurkeztu izan ditu azkenaldian Meabek. Oraingo honetan fikzioa eta errealitatea nahasten dituen narrazio bat dakar, bere bizipenetan oinarrituta idatzitakoa.
Nagore BELASTEGI | BELASTEGI
Bere buruan oinarritutako pertsonaia baten istorioa kontatzen digu Miren Agur Meabek Susa argitaletxearekin kaleratu duen «Kristalezko begi bat» nobelan. Poesia edo haur eta gazte literaturan kokatu ohi bada ere, oraingo honetan «narrazio zintzo» batekin datorkigu.
Meibi ezizenez ezaguna den emakume bat aurkezten digu idazleak. 50 urteren bueltan dago, gaztetan begi bat galdu eta ordutik kristalezko bat darama, haur baten ama da, bananduta dago eta lana utzi zuen idazle izateko. Deskribapen horrek Miren Agur Meaberenarekin bat egiten du, baina horrek ez du esan nahi liburuaren helburua bere bizitza biluztea izan denik. Bere esanetan, «pertsonak armairu bat bezalakoak gara. Batzuek egurrezko ate lodi eta itxiak dituzte, beste batzuek kristalezko ateak dituzte eta beste batzuek, ordea, ez dute aterik». Berak nobela idazteko armairuko ateak ireki zituen irakurleekin enpatia sortzeko.
Gorka Arrese editoreak testua irakurri ostean sentitu zuena kontatu zuen. «Pintore gehienek egin dituzte euren autoerretratuak. Miren Agurrek ere bere `autoerretratua' egin du istorio honetan. Pintura bat begiratzen dugunean artistari begietara begiratzen ari garela iruditzen zaigu. Eta, gainera, bere burua nola ikusten duen ikusten dugu». Nobela hau irakurtzea, beraz, Meaberen begietara begiratzea da, editorearen ustetan. Euskal literaturan horrelako nobela gutxi aurkitu ditzakegula esan zuen, are gehiago berak erabiltzen duen ahalkerik gabeko hizkuntzan eginak.
«Autoimitazioa»
Meabek argi utzi zuen «Kristalezko begi bat» ez dela autobiografia bat, baizik eta «autoimitazio bat», konturatu delako norberari gertatzen zaizkion gauzak inspirazio literario apartak izan daitezkeela, eta horrek benetan gertatu ziren gauzak gertatu zitezkeenekin edo gertatzea gustatu izan zaizkionekin nahasteko askatasuna ematen dio. Hala, errealitatea eta fikzioa non amaitzen diren deskubritzeko gakoak norberaren irudimenean daude, hortaz. Era berean, pertsonaiak botatzen dituen zenbait ideia garatzea ere irakurlearen esku dago; letra etzanez, orriaren oinean agertzen dira sortu zaizkion zalantzak edo beste une batean berriro ikertuko dituen gaiak.
Zentzu horretan, esan dezakegu ezohiko formatuan kontatutako istorio bat dela. Idazle baten koadernoaren formatua dauka, non gai desberdinak jorratzen dituen, eta kristalezko begia da guztien arteko lotura. Noizean behin informazio historiko, kirurgiko edo pertsonalak ematen ditu honen inguruan, hurrengo pasartearekin nolabaiteko harremana izango dutenak.