GARA > Idatzia > Kultura

Lili jauregiko Andre Madalenen eskutik, XVII. mendera bidaia

Zestoako Lili jauregi eraberritua bihartik aurrera izango da publikoari zabalik. Andre Madalenek egingo du ongietorria, 1680 inguruan izan zen emakume boteretsuenak. Etxea uztera doa eta txoko bakoitzak sortzen dion oroitzapenekin denboran atzera eramango du bisitaria.

p051_f01_148x104.jpg

p051_f02_148x104.jpg

Ane ARRUTI | ZESTOA

1680. urtean gaude. Zestoako lilitarren leinuko azken biztanleak orain arte bizitoki izan duten jauregia uztera doaz eta Andre Madalen etxekoandreak hartu gaitu, azken unean, etxea uzteak eragiten dizkion sentimenduak eta oroitzapenak kontatzeko. Horixe da «Agur Lili» antzezlanaren abiapuntua, Zestoako antzerki taldeak Lili jauregi eraberritua bisitatzean ongi-etorria egiteko prestatu duena. Bihar zabalduko ditu ateak, eta ohiko bisita gidatuak egin beharrean, antzezpen honekin gonbidatu nahi dute «bisitaria ez, parte-hartzailea» Aro Modernoko burges boteretsu hauek zuten bizimodua ezagutzera.

Jauregia zaharberritzeko eta museo bihurtzeko prozesua 2009an hasi zen, eta 950.000 euro bideratu ditu horretarako Zestoako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Lakuako Gobernuak osatzen duten Ekain Fundazioak. Horrela, denboran bidaiatzeko gonbita osatuago gelditzen dela nabarmendu zuen atzo Ekain Fundazioko Juanjo Aranburuk. Jauregia Ekain haitzuloaren erreplika den Ekainberritik metro gutxira dago. «Egun berean Historiaurrera eta Erdi Arora bidaia proposatzen dugu, Sastarrain bailaran barrena», adierazi zuen.

Egur eta burdinak aberastuta

Magdalena de Amilibia Elkaraeta, Andre Madalen, Deban jaio zen eta 22 urterekin joan zen Zestoara, Sebastian de Lilirekin ezkondu zenean. Bera izan zen Lili jauregiko azken etxekoandrea. 1680an erosoagoa izan zitekeen etxe berri batera mugitu ziren, jauregi zaharra errentan jarrita.

Senarraren familiak Sastarrain haranean izandako ibilbidea, ordea, XIV. mendetik dator. Inguruko baliabide oro ustiatu zituzten, ura eta egurra batez ere eta burdina beranduago. «Euskal noblezia txikiko familiak gerran ari dira oinaztarren eta ganboatarren alde lerrokatuta bando-gerretan, lurra eta bere ondasunak kontrolatzeko helburuarekin. Lilitarrak, ordea, ez dira leinu gerlari bateko kideak eta neutral mantentzen dira», azaldu zuten atzo. Horrela, nobleen boterearen aurrean, Zestoa bezalako hiribilduak sortu zituzten.

Lilibea dorretxe txikia 1490 aldera eraiki zen eta jauregi berria, 1525 inguruan. XVI eta XVII. mendeen artekoa izan zen lilitarren garai gorena. Oinordekoen ondasunak pilatuta, bailaran errotak eta burdinolak eraiki zituzten eta aberastasun handia lortu zuten burdinaren merkataritzatik eta itsasontziak egiteko egur salmentatik. Baserri ugari erosi zituzten, laboreen truke errentan jarri zituztenak.

Andre Madalen, jauregian bizi izan zen garaian, bertako administrazioaz arduratu zen, bera izan zen nagusi, antzezlanean azaldu zuen moduan: «Hemengo emakumeak ezberdinak gara, nik txiki-txikitatik ikasi nuen agintzen». Eskualdeko emakume boteretsuena omen zen, dotorea, zorrotza eta zuzena, «gizonezkoak gailentzen diren munduan nortasun handia erakutsi zuena».

Baliabideen agortzeak eta anaien artean izandako tirabirek familiaren eta jauregiaren beraren gainbehera ekarri zuten eta errentan eduki ondoren, 1793an baserri bilakatu zen.

Historia hori lehen pertsonan ezagutzeko lau aktore arituko dira jauregian txandaka lanean. Gainera, ikusgarriak dira jauregia janzteko erabili diren tresna eta altzariak, San Telmo museoak eta Aldundiko gordailuak jarri dituztenak. Leire Etxeberria Zestoako alkateak esan bezala, «bertan egindako lana izan da, bertako materialekin eta jendearekin». Oraingoz, bisitak larunbat eta igandetan izango dira. Www.lilijauregia.com-en dago eskura informazio gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo