GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Sonia Gonzalez

Enplegua II

Patronalak kontrolatzen dituen enpresa handiei berdin die enpresa txikiak ixten jarraitzea. Harrapari hutsak dira

Gasteizko Gobernuak dekretuz luzatu nahi du administraziopeko langileen jardunaldia. Sektore pribatuko lan jardunaldiekin konpa- ratuz gero, onargarria dela esaten dute. Langileek ez dutela ezberdintasun handirik nabarituko esaten dute. Egunean minutu batzuk gehiago baino ez dela esaten dute. Enplegurik ez dela suntsituko esaten dute.

Gezurrak bata bestearen atzetik. Hasteko, jardunaldi luzapen hori ez da egunez egun izango, baizik eta konputo orokorraren gainean. Honela, letretakoa izan arren, kalkulu erraz batzuk egin ditut: Luzatu nahi duten kopurua: 22,5 ordu urtean; bider 70.000 langile (gutxi gorabehera); emaitza: 1.575.000 ordu. Zati lehen egiten zen jardunaldia (1.592 ordu); berdin: 990 lanpostu (gutxienez).

Enplegua banatu beharko litzatekeen honetan jardunaldia luzatzeak argi erakusten digu zein izango den Gasteizko Gobernuaren politika enpleguarekiko, bai patronala izatea tokatzen zaionean, bai eta patronal pribatuarekiko izango duen jarreraz ere: jardunaldia luzatzen eta soldatak jaisten uzten jarraituko du eta, beraz, enplegua suntsitzen.

Aburto jaunak ezin du esan enpresa pribatuan kaleratzeak ekiditeko enplegua banatu behar dela eta aldi berean enpresa publikoan hainbat langile kalean utzi, eta bost axola plantillakoak edo ebentualak diren, langileak dira.

Egin duen modua ere oso esanguratsua da: dekretuz. Hau da, inposizioz. Eta are esanguratsuagoa mahai orokorreko «negoziazioetan» zeuden bitartean egitea. Legez behartuta daudelako azalpena beste gezur ustel bat baino ez da: hasteko, ez dute jardunaldia luzatu Madriletik esan parametroetan; beraz, ez dute legea bete, eta, bestetik eta inportan- teena dena, ea hainbestetan aipatzen duten autogobernua praktikan ipintzen duten. Inposizioaren aitzakia oso erabilgarria da politika berberak egin nahi direnean.

Gauza bera esaten du Confebaskek lan erreformaz: legea dela, eta bete behar dutela. Bai, eskura daukaten legea da, baina inork ez ditu lan erreforma aplikatzera behartzen. Ez da ezinbestekoa eta ez egitea ez da delitua. Hori argi ikusi zen, besteak beste, Bizkaiko gasolindegietako hitzarmena sinatu zenean. Lan erreformaren puntu batzuk indargabetzen zituzten zenbait klausula edukita ere, patronal espainolak sinatu egin zuen; Bizkaiko patronalak, aldiz, uko egin zion.

Motzeko irabaziei begira daude hemengo patronalak. Argi dago berdin diela langileriarekin zer gertatzen den, baina askoz haratago doaz: berdin die Euskal Herriko ehun ekonomikoarekin amaitzen duten, berdin die egunotako batean daukagun aktibitate ekonomiko bakarra abarketak jantzita turistei «ongi etorri» esan eta aurreskuak dantzatzea den. Patronalak kontrolatzen dituen enpresa handiei berdin die enpresa txikiak ixten jarraitzea. Harrapari hutsak dira.

Eta harrapari horiei gobernuetatik jokoa egiten jarraitzen duten bitartean, aurrean edukiko gaituzte, gero eta haserreago, atzo legez eta gaur bertan bezalaxe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo