GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Gazteak ere ausartzen dira apustuak jokatzen

Xabier Mindegia eta Ruben Saralegi neurtuko dira bihar eguerdian Doneztebeko pilotalekuan. Bakoitzak hamar kana-erdiko eta bi oinbiko moztuko ditu.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ikusmin handia piztu du bihar 12.30ean Doneztebeko pilotalekuan jokatuko den aizkora apustuak. Bertan Ruben Saralegik eta Xabier Mindegiak neurtuko dituzte indarrak. Bakoitzak hamar kana-erdiko eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Alde bakoitzak, berriz, 3.000 euro izango ditu jokoan.

Ruben Saralegik lehen aldiz jokatuko du apustu bat. «Egia esan, hasiera batean ez neukan apustu bat jokatzeko asmorik, baina Mindegiak bota zidan desafioa, eta buelta batzuk eman ostean, onartu egin nuen», esan zuen leitzar gazteak.

Mindegiak eskarmentu handiagoa dauka, bera ere gaztea bada ere. Azken apustua duela urte bat jokatu zuen Kañamares III.aren aurka, eta irabazi egin zuen. «Azkeneko apustuko oroitzapen onak ditut, irabazteaz gain, egindako lanarekin ere oso gustura geratu nintzen», esan du Miel Mindegiaren ilobak.

Igandeko neurketaren aurrean, biak daude ongi prestatuta, bietako inork ez dauka aitzakiarik, eta lan eder bat egin nahi dute, nahiz eta lana luzea den. «Nik uste dut lan polita dela. Mindegiak oinbiko gehiago nahi zituen, eta nik, kana-erdikoak. Azkenean honela geratu ginen. Kana-erdikoekin oso gustura aritzen naiz, baina baita oinbikoekin ere», azaldu du Saralegik.

«Nik oinbikoak eta kana-erdikoak berdintsu nahi nituen, baina berak ez, eta azkenean biak ados jartzeko tarteko bat bilatu genuen. Ni oinbikoekin oso gustura aritu naiz entrenatzen», esan du, berriz Xabier Mindegia gazteak.

Izan ere, Labaiengoaren ustez, egur handiak izan daitezke igandeko apustua erabaki dezaketenak: «Nik ez dut uste kana-erdikoetan alderik egongo denik, baina oinbikoetan nire alde izango ote den itxaropena daukat. Dena dela, apustu estua iragartzen dut, batez ere lehen zatian. Gero, bietakoren batek egingo du behera, eta orduan erabakiko da neurketa», onartu du Xabierrek.

Saralegirentzat joan den urtea bikaina izan da, Euskal Herriko Hirugarren Mailako eta Nafarroako Bigarren Mailako txapelak lortu baitzituen, eta oraindik 22 urte besterik ez dauzka. Urte hau ongi hasteko, garaipen bat lortu nahiko luke.

Zortzi kana-erdiko plazaratuko ditu Saralegik, eta bi kana-erdiko eta bi oinbiko, berriz, Xabier Mindegiak. Bien esanetan, enbor normalak plazaratuko dituzte. «Elur asko egin du, eta gustuko enborrak bilatzea ez da erraza izan, baina topatu ditut. Normalak eramango ditut», adierazi du Saralegik. «Lehen ere nahikoa lan badugu egiteko, eta enbor gogorrak eramateak lanak luzatzea esan nahiko luke, eta ez du merezi. Nik ere normalak plazaratuko ditut», esan du, berriz, Saralegik. Hori bai, badaezpada ere, biak enbor samurrekin zein gogorrekin aritu dira entrenamenduetan.

Enborrak

Saralegik zortzi kana-erdiko eraman beharko ditu Doneztebeko pilotalekura, eta Mindegiak, aldiz, bi kana-erdiko eta bi oinbiko plazaratu beharko ditu.

aurrekaria

Bi aizkolarien arteko azken erreferentzia Nafarroako Bigarren Mailako finala da; orduan Saralegik 48 segundo atera zizkion Labaiengoari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo