Sokatira
Denboraldiko 4. txapela erabakiko da Goma Gainekoan
J.L.
Denboraldiko laugarren txapela erabakiko da Goma Gainekoan. Ibarran jokatuko da 600 kiloko finala gaur 17.00etan. Ñapurrak, Ibarra, Sokarri, Abadiño, Murueta eta Iparralde neurtuko dira.
Lehen faseko ligaxkan, Ñapurrak taldea izan da onena, jokatu diren bi saioak irabazita. Orain arte egindakoak ez du balio, gaur irabazten ez baldin badu.
Ezpeletakoak finaletan sartu, eta goiko muturrean ibili dira denboraldi osoan zehar, eta amaitu aurretik txapel bat ere jantzi nahiko lukete. Ez dute lan samurra izango, baina aurretik egindako guztia kasualitatea ez dela izan erakutsi nahi dute Ibarran.
Ibarra etxean arituko da, eta moreek ere nahi dute denboraldiko lehen txapela jantzi. Jakin badakite ez dela lan erraza, baina gipuzkoarrak ere orain artean goiko muturrean dabiltza, eta ez dute denboraldia txapelik gabe amaitu nahi. Gaur lortzen ez badute, aukera bakarra geratuko zaie.
Abadiño izan da aurreko bi pisuetan nagusi, eta, alde horretatik, lasaien ere beraiek joan daitezke. Aurreko fasean hirugarren geratu dira, baina tiraldietan baja asko izan dituzte, taldeko sokatiralaririk gehienek pasa baitute gripea. Badirudi denak prest daudela eta askorentzat faborito ere beraiek izango direla.
Sokarri, Iparralde eta Murueta dira finalerako sailkatu diren beste hiru taldeak. Azken bi hauek helburua bapo bete dute finalean izanda, baina Sokarrik nahiko du podiumean sartu, eta horixe izango da gaurko bere helburu nagusia.
Nesketan, berriz, 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da. Lehenengoan Ibarrak eta Badaiotzek berdinduta amaitu zuten. Bien artean sekulako berdintasuna dago, eta gaur ere garaipena bien artean egongo da, berdinketa apurtzeko gai baldin badira behintzat. Bietako edozeinek lor dezake garaipena. Bizindar, berriz, biak estutzen saiatuko da, zaila izan arren.