Ipar Koreak Hego Koreari erasorik ez egiteko akordioak ezeztatuko ditu
Tentsioak gora egin du Koreako penintsulan, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aho batez (Txinak ere baiezko botoa eman zuen) Piongiangeko erregimenaren aurkako zigorrak gogortzea onartzearen eraginez. Pekineko eledunek lasaitzeko deia egin dute, egungo egoera gatazka nuklear bihur ez dadin, baina Hego Koreak eta AEBek alde batetik, eta Ipar Koreak bestetik, maniobrak egingo dituzte datozen asteetan. Gasolina suaren ondoan.
GARA | NEW YORK
Hego Koreari ez erasotzeko akordioak ezeztatzeaz gain (datorren astelehenetik aurrera), AEBetara iristeko gai omen diren misil nuklearrak jaurtitzeko prest daudela esan du Ipar Koreako Armadako jeneral batek.
Gainera, Ipar Koreak penintsulako bi herrialdeen arteko komunikazio linea bakarra eten egingo du Panmunjomen, KCNA Estatuko berri agentziaren arabera. France Presse agentziak jakinarazi du bi gobernuen arteko «telefono gorria» 1971n hasi zela lanean, eta geroztik Ipar Korerak bost aldiz eten duela komunikazio bide hori.
«Iparraren eta Hegoaren artean elkarri ez erasotzeko lortutako akordio guztiak deuseztatuko ditu» Piongiangek, Korea Era Baketsuan Batzeko Batzordeak jakinarazi duenez. Koreako Gerraren (1950-1953) ostean adostu ziren akordio horiek.
Ipar Koreako Batzordearen erabaki horiek NBEko Segurtasun Kontseiluak herrialdea zigortu eta ordu batzuetara iritsi dira. Zigorra otsailaren 12an Piongiangek egindako proba nuklearragatik ezarri diote.
Mendebaldeko agentziek Ipar Koreak bere mehatxuak betetzeko adinako gaitasunik ez duela nabarmendu dute, AEBek zabaldu duten mezua errepikatuz.
France Presse agentziak, Piongiangeko agintarien «erretorika gerrazalea» aipatu ondoren, egunotako tentsioa inoiz baino handiagoa dela nabarmendu du. Gogorarazten du bi aldeak maniobra militarrak egitekoak direla (Hego Koreak eta AEBek orain egun batzuk hasi zituzten, eta begiraleek diote Ipar Koreak gauza bera egingo duela datorren astetik aurrera), eta testuinguru horretan ezin dela baztertu bi herrialdeen arteko mugan (itsasoan zein lurrean) tentsioak eztanda egitea.
Joan den ostegunean Segurtasun Kontseiluak onartu zuen ebazpenak Ipar Korearen finantza jarduerak mugatzea aurreikusten du, batez ere «transferentzia susmagarri batzuk».
Susan Rice AEBetako enbaxadoreak ebazpen hori onartu ondoren adierazi zuenez, zigor horiek «oso gogor» kaltetuko dute Piongiang. «Zigor guztiak batera aplikatuz gero, oso gogor kaltetuko dute. Ipar Korea isolatuago utziko dute, eta nazioarteko komunitateari aurre egiteagatik bertako agintariek ordaindu beharko dutena garestituko dute».
Ipar Korearen aurkako zigorrak AEBek eta Txinak adostu zituzten, gaia Segurtasun Kontseiluan mahaiaren gainean jarri aurretik.
Li Baodong txinatar enbaxadoreak jakinarazi zuen Pekinek ebazpena erabat aplikatzea nahi duela. Hala ere, Ipar Korea berriz negoziazio mahaian eser dadin nahi du Txinak, eta horretarako ahalegin gehiago egin behar direla uste du.
Gatazkan zerikusia duten alde guztiei lasaitasuna eta moderazioa eskatzen die Pekinek, tentsioak gora egin ez dezan.
Parisek iparkorearren egitasmo nuklearraren inguruko elkarrizketari eusteko eskatu diete Piongiangeko agintariei.
Hego Koreak eta AEBek «Foal Eagle» izeneko maniobrak hasi zituzten martxoaren 1ean, eta datorren astelehenean «Key Resolve» izenekoak jarriko dituzte abian. AEBek ia 30.000 militar dituzte Hego Korean.
Ipar Koreari leporatzen zaion «erretorika gerrazalearen» gisako zerbait erabili du Hego Koreak ere, Piongiangeko agintariek esandakoari erantzunez. Seulgo Defentsa Ministerioko eledunek esan zuten Ipar Koreak Hego Korearen aurkako eraso nuklearra eginez gero, «gizadiaren borondatez lurretik desagertu» egingo dela herrialde erasotzailea. Kim Byung-kwan Hego Koreako Defentsa ministroak adierazi du beraiek edozein erasori erantzuteko prest daudela.
Ipar Koreak dio Hego Koreak eta AEBek eragin dutela egungo egoera arriskutsua, eta gerra ez dela baztertu behar. GARA