GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ipar Koreako tentsioak gora egiteak ondorio arriskutsuak izan ditzake eskualde osoan

Ipar Korearen inguruko tentsioak bere horretan jarraitzen du, goranzko bidean, alegia. Mehatxuen norgehiagokak ez du etenik eta gatazkari zentzuzko bide batetik heltzeko borondatea ez da sumatu ere egiten. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Ipar Koreari zigor gehiago ezartzea onartu ondoren, herrialde horrek iragarri zuen 1953an Hego Korearekin adostu zuen armistizioa bertan behera utziko duela. Hego Koreak beste ahoberokeria batez erantzun zuen atzo, Ipar Koreak Hego Koreari erasotzen badio, «Kim Jong-un-en erregimena lurretik desagertu» egingo dela esanez. Aspergarria da mehatxu lehia hori, baina asperdura ez da kezkagarria. Benetan kezkatzekoa ahoberokeria horiek eragiten duten arriskua da, eta ez harroputzentzat bakarrik, gutxienez eskualde osoan ondorio arriskutsuak izan bailitzake tentsio areagotze horrek. Ume jolasa dirudien baina zoritxarrez heldu arduragabeen arteko norgehiagoka hori behingoz baztertu behar dute, gutxieneko ardura erakutsiz. Ipar Koreak bere jarrera arriskutsua baretu behar du, jakina, baina baita AEBek eta Hego Koreak ere Ipar Korearekiko beren jarrera erasokor eta askotan hipokrisiaz betea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo