Binakako Txapelketa
Etxean otso izateko garaia
Buruz buruko txapeldun izan zenetik, Xalak ez du txapelketako partidarik irabazi Ipar Euskal Herrian.
Jon ORMAZABAL
Barruan pilatutako amorrua behar zen moduan bideratzea eta pilotazaleek, batez ere Ipar Euskal Herrikoek, final hura joka zezan emandako babesa eta sostengua izan ziren Xalak 2011ko Buruz Buruko txapel gogoangarri hura lehen aldiz Lapurdira eramateko arrazoi nagusietako bi. Gertatutako guztiak eta bai berak bai Gonzalezek azken urteetan izandako arrakastek zeresan handia izan dute ezker paretak Bidasoatik iparraldera azken urteetan izandako garapen izugarrian. Gauzak horrela, gaur Angeluko El Hogarren Olaizola II.a-Zabala eta Xala-Barriola bikoek jokatuko duten partida aurtengo Binakakoan Ipar Euskal Herrian jokatuko den hirugarrena izango da.
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako zaleak, ordea, ez daude erabat aseta, aspaldiko partez euren pilotariak irabazten ikusi nahi dituzte eta. Izan ere, 2011ko uztailaren 3 hartatik aurrera etxekoen babesean jokatutako txapelketako partida guztiak galdu egin ditu Lekuineko aurrelariak.
Orotara, txapelketako bost partida jokatu ditu Aspeko aurrelariak Ipar Euskal Herriko pilotalekuetan; hiru, banakako txapeldun izan aurretik, eta lau, ondoren, eta hiru lehenak irabazi bazituen ere -bi, gaur izango duen Barriolarekin 2011ko txapelketan eta, bestea, Zubietarekin 2009an-, ondorengo guztietan ez du garaipenik lortu.
Lau porrot horietatik bi iazko txapelketan izan ziren, Laskurain lagun zuela, 17-22 galdu baitzuten Olaizola II.a-Beroizen aurka Hendaian eta, 18-22, Titin III.a-Merino II.aren aurka, Angelun bertan. Dena dela, finalera heltzeko bidea egin zuten lapurtarrak eta gipuzkoarrak.
Beste porrotetako bat, mingarria gainera, iazko Lau eta Erdikoan gertatu zen, final laurdenetako ligaxkako partidan, Iker Arretxek 12an utzi zuen eta. Aurten bertan, Binakakoak Zuberoa bisitatu zuen lehendabiziko partidakoa ere ez zen samurra izan, berriz ere Titin III.a-Merino II.aren aurka bederatzi tanto baino ez baitzituzten egin. Honi gehitu behar zaio gainera, Xalak, min hartuta, jokatzerik izan ez zuen arren, bere bikoteak -Jaunarenak hartu zuen bere lekua- 22-19 galdu zuela Berasaluze VIII.a-Albisuren aurka.
Konponbiderik gabe
Gaurkoa derrigor irabazi beharrekoa da Aspeko bikotearentzat, Binakakoan aurrera egiteko aukerarik izan nahi badute behintzat. Esan daiteke Olaizola II.a-Zabalak poltsikoan dutela sailkapena, baina gaur matematikoki ziurtatzeko aukera izanda, gauzak oso zail jarriko dizkiete Xala-Barriolari.
Ezkurdia-Zubietak egungo txapeldunak sailkapenean harrapatzeko aukera dute gaur arratsean. Lehen itzuliko partidan, Titin III.a-Merino II.ak 22-20 irabazi zuten, Gonzalez oraindik lehiaketan zela.