Gay eta lesbianen elkarteak sexu berekoen ezkontzaren legeaz jardungo dira Baionan
Sexu berekoen ezkontzaren legea hizpide, Estatu frantseseko LGBT (lesbiana, gay, bisexual, transexual) elkarte nagusiak Baionan batzartuko dira gaur eta bihar, besteak beste, zein ekintza egingo dituzten erabakitzeko.GARA | BAIONA
Kazeta.infok atzo argitara eman zuenez, Estatu frantseseko LGBT (lesbiana, gay, bisexual eta transexualen) elkarte nagusiak Baionan batzartuko dira gaur eta bihar, pil-pilean dagoen gaiaz, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren legeaz, hitz egiteko. Hala, «ekainera begira aurrera eramanen dituzten ekintzak» deliberatuko dituztela argitu zuen agertokiak.
Hiru hilabetean behin batzartzen den elkarteen kolektiboak 30 bat lagun bilduko ditu egunotan Baionan. Kazeta.infok zioenez, hiri bakoitzetik ordezkari batek edo bik hartuko dute parte jardunaldiotan.
«Sozialistek proposatu duten sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren gaineko lege-proposamena apirilaren 4an aztertuko da Parisko Senatuan, baina ez da ziurra onartua izanen denik, bertan PSren gehiengoa aski ahula baita», argitu zuen web orriak. Hori dela-eta, legeak bete behar duen ibilbidearen azterketa egingo dute gay eta lesbianen elkarteek bi egunotan.
Legeak bidean aurki ditzakeen arazoak direla-eta, Beñat Gaschen Les Bascos Ipar Euskal Herriko LGBT elkarteko bozeramaileak Kazeta.infori egindako adierazpenetan hau azaldu zuen: «Ezer ez da erabakia, sozialistek beren kideen artean lege berriaren alde ez diren pertsonak dituzte, bereziki itsasoaren bestaldeko eskualdeetako jendearen artean. Seguruenik Asanblea Nazionalak izanen du azken hitza», adierazi zuen Gaschenek.
Bilkuran zehar, eztabaidatzen ari den legearen ibilbidea aztertzeaz gain, onartua baldin bada, zein jokamolde hartuko duten ere erabakiko dute. Orokorrean, LGBT elkartea oso pozik agertu da lege berriak onartzen duen ezkontza eskubidearekin, baina ez du onartzen medikuntzaren bitartez lagunduriko ugalketa (PMA izenez ezaguna) bikote homosexualentzat. Horregatik, legea onartua izatekotan, indarra onespenean edo debekuan ezarriko duten eztabaidatuko dute.
Gaur arratsaldean, 19.30ean, LGBTko kideak Bo ostatuan elkartuko dira. Topaketan gonbidatuta daude hautetsiak, baita Ipar Euskal Herrian ezkontza homosexualaren alde mobilizatu diren alderdi politikoetako ordezkariak ere.
Bestalde, Baionako topaketa hauetan jorratuko duten beste gai bat Europako LGBT elkarteak urtero antolatzen duen Gay Pride izango da, Euro Pride izenarekin. Uztailean ospatuko da Europako Gay Pride eta Marseillan izango da. Ekitaldi horren antolakuntzaz hitz egingo dute.
Ipar Euskal Herriko LGBT elkarteak, Les Bascosek, eginen die harrera gaur arratsaldean parte hartzaileei. Biarritzeko Bo ostatuan aperitifa eginen dute ordezkari politikoekin eta prentsarekin.