GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Demokraziaren etsai eta barregarria

Estrasburgoko Auzitegiak 197/2007 doktrinaren gainean ebatzi baino egun batzuk lehenago, Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarra EBko Barne ministroen bileraz baliatu zen Auzitegi horrek doktrinaren aurkako epaia ematen badu, era guztietako hiltzaileak eta bortxatzaileak ere libre geratuko liratekeela esateko. Baliteke euskal preso politikoak kartzelan atxikitzeko berariaz egindako zigorren interpretazioa besteren bati aplikatu izana; nolanahi ere, legez kalean izan behar badute, askatu egin beharko lituzkete, areago legea betetzea jardunbide nagusi omen duen gobernu batek. Bitxiak, gero, berme demokratikoen jagoleak.

Horrelako demokrata bitxien begietan, Hugo Chavez demokraziaren etsai nagusietakoa zen. Eta orain Venezuelak trantsizioa behar omen du. Ez ote zaizkigu berriro alamena ematen hasiko Espainiaren trantsizio «eredugarria» gogoraraziz...

Las Vegasen Jainkoarekin topo egin zuen ministroa sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka agertu da oraindik orain, «botere publikoen aldetik, ezkontza horiek ezin dituzte ezkontza normalek dituzten babes berberak eduki, espeziearen biziraupena ez baitago bermatuta» esanez. Egia da ezkontza homosexualek ez dutela espeziearen biziraupena bermatzen. Debekatu ditzagun. Baita ezkontza heterosexualak ere baldin, arrazoizko epe bat igarota, ondorengorik izan ez badute, ezta, Jorge, machote?

Zein barregarriak ziren, ordea, Chavezen ateraldiak. Nik gogotik egin nuen barre George Bushi mozkorti eta demonio esan zionean. Baina presidente estatubatuarrari grazia gutxien egin ziona AEBek Latinoamerikako herrialdeen ekonomia kontrolpean izateko saio hura, ALCA, zapuztu izana izan zen, Chavezek eta Nestor Kirchner presidente argentinarrak bultzatuta.

Bai, Chavez batzuetan barregarria gertatzen zen gure begi aurrerakoi-garatuetan, baina ez Latinoamerikako eta munduko beste edozein buruzagi baino barregarriago. Zergatik hedabideek ez zuten zentzu horretan Bush edo Aznar nabarmentzen? Edo behin Chavezi isiltzeko agindu ziona? Ez, hori ez da barregarri eta zantarra... hori campechano omen da, xaloa, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo