Top 14
Biarritzek lehen sailkatuaren zelaian jokatuko du
Lapurtarrek Toulonen jokatuko dute gaur, 15.00etan. Zuri-gorriek baja anitzekin egingo diote bisita liderrari, eta puntuak batzea oso zaila izango dute.
Jon LEUNDA
Oraindik ere aurreneko zazpi onenen artean amaitzeko itxaropenari eusteko, Biarritzek irabazi beharra dauka. Alta, oso aurkari zaila du, gaur 15.00etan Toulonen jokatuko baitu, sailkapeneko lehen sailkatuaren zelaian, eta han puntuak batzea oso zaila da.
Frantziarrak sailkapeneko lehen postuan daude, eta bigarren dagoen Clermonti bi puntu ateratzen dizkiote eta, hirugarren dagoen Stade Toulosaini, hamaika. Beraz, esan genezake Ligako finalerdiak jokatzeko txartela ia eskuetan daukala. Dena dela, hori ahalik eta azkarren lortu nahiko du, eta gaur garaipena lortzeaz gain, erasoko puntua ere eskuratu nahiko du Biarritzen aurka. Guztira hamaika puntu gehigarri lortu ditu, beste inork baino gehiago, eta erasoan beldurtzeko moduko jokalariak dauzka.
Aurten, Biarritzekin edozer espero daiteke, partida onak oso txarrekin uztartu baititu denboraldian zehar. Hala ere, azken jardunaldietan eman duen itxura kontuan hartuta, ez du itxaropenerako tarte handirik uzten, azken neurketak nahiko eskasak egin baititu Agilerako talde zuri-gorriak.
Gainera, Biarritzek baja asko izango ditu taldean, eta gauzak zailduko zaizkio, jokalari ugari faltan izango baititu. Horrek gazteei ere ateak irekiko dizkie eta horien maila nolakoa den ere ikusi ahal izango da Toulonen zelaian. Balshaw, Burotu, Genevois, Harinordoki, Haylet Petti, Hegi, Lauret, M.Lund, Synaeghel, Thion, Traille eta August ez dira gaur arituko.
Aviron
Avironek, berriz, jaitsierako postuak behin betiko atzean uzteko aukera dauka gaur Agenen zelaian, 15.00etan. Frantziarrak sailkapeneko 13. postuan daude. Egun lapurtarrek hamar puntu ateratzen dizkiote Ageni, eta gaur garaipena lortuko balute, 14ra igoko litzateke tartea. Bost jardunaldiren faltan, alde handia izango litzateke. Gora egiteko aukerak amaitu zaizkio talde zuri-urdinari; orain mailari eusteko behar dituen puntuak ahalik eta azkarren eskuratzea da helburua.
Avironek ez ditu baja asko, Marmouyet, Lacroix, Visensang eta Otazo bakarrik baitira jokatzeko moduan ez dauden jokalariak. Gainerakoak prest daude, eta hori ere berri ona da. Biarritzen aurka ez zuen etxean irabazi, baina galdu ere ez, eta indarrean daude. Gaur asko dute jokoan, eta badakite irabazita hemendik aurrera lasaiago ibil daitezkeela. Galduta, berriz, gauzak estutzen hasiko dira berriro ere, eta, akaso, bakarren bati urduritasuna agertzen ere hasiko zaio. Dena dela, zuri-urdinek etxetik kanpo ez dute maila onena ematen, eta hor dituzte arazo handienak. Gaurko lau puntuek garrantzi handia dute, eta hobe da gauzak orain erabakita uztea, azkenerako utzi ordez, orduan gauzak zailago izango baitira, presioa ere handiagoa izango delako.