GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«EITBk bere kontra duena? Politikarien gerra eta gero eta bitarteko gutxiago ditugula»

p004_f03.jpg

Maite Iturbe
EITB-ko Zuzendari nagusia

Emakumearen Eguna lanean jo eta ke eman zuen Maite Iturbek. Arrasatear honek eskarmentu handia du bai telebistan bai zuzendaritza postuetan eta, bere lana beti aintzat hartua izan dela deritzon arren, «egia da emakumea izanda batzuetan gehiago demostratu behar duzula», aitortu digu. Aurrean duen erronkarako, antzematen zaion kemen hori beharko du.

Hasteko, kaleko jendeak egingo lizkizukeen hiru galdera: lehena, ETB noiz ikusi ahal izango da Nafarroan?
Gure asmoa borroka horretan jarraitzea da. Konponbideak baditugu, gero horien kostua ba saiatuko gara ahalik eta txikiena izaten, baina batez ere borondate politikoak jorratu behar dira eta horretan jarraituko dugu buru-belarri.

Nafarroako Gobernuak ordaindu beharko luke zerbait edo ba al dago beste irtenbide teknikorik?
Ba, gutxienez berreskuratu dituen lizentzietatik bat uztea modu apain batean. Ni, egia esan, oraintxe sartu berria naiz honetan eta agian hanka sartu dut hau esanda, baina borondatea badugula esan nahi dut.

Bigarrenik, eguraldiaren mapa aldatuko al da?
Baita ere. Horretan gure profesionalak martxan jarriko dira aldatzeko. Irizpide guztiak izango dira kontuan, bai profesionalak, profesional intelektualak diot, baita profesional artistikoak ere.

Eta hirugarrena, alderdi guztien presentzia maila berekoa izango al da komunikabide publikoetan? (aurreko urteetako esperientzia ikusita diot).
Gure telebista zerbitzu publikoa da, denontzat izan behar dena eta, noski, guztiak azaldu behar dira.

Astebete eskasean izendatua izan zara.
Bai, errekor guztiak gainditu ditut.

Gainera, postuan lehenengo emakumezkoa eta «etxetik» bertatik ateratzen den lehen zuzendari nagusia zara. Entzun dizut ez zenuela zure burua lehen plano horretan ikusten eta kosta egin zitzaizula erabakia hartzea.
Pixka bat. Ez nuen neure burua ikusten, baina gero proposamenak hor jarraitzen zuen, eta «begira, etxeko langilea izatea nahi dugu» esaten dizutela eta aukera dagoela eta denbora pasatzen dela, eta hau eta beste... ba, animatzen zaitu. Kito, sartuta nago eta hemen nago.

Baina zerk bultzatu zintuen zehazki?
Gauza bat da esatea ez daukazula gogorik, baina gero datorrenari eutsi egin behar zaio. Alde horretatik kontsekuenteak izan behar dugu.

Oposizioak EAJri egotzi zion ez duela EITBko ereduari buruzko hausnarketarik egin. Kontrako boto horiek eragina izango al dute zugan?
Ba, egia esan, ez. Hobeto esanda, erabateko onarpena izan banu, askoz hobeto. Nik hau erronka profesional  moduan hartu dut eta ez diot beste interpretaziorik eman nahi horri. Horiek politikarien arteko negoziazioak dira eta ez badira gai elkar ulertzeko, nik ezer gutxi egin dezaket. Eredua aztertzekotan, Legebiltzarra hortxe dago.

EITB hasieratik ezagutzen duzu. Zure esperientziaren arabera (28 urte), etorkizunean EITBk nondik jo behar luke irauteko? Diagnostiko bat egingo al zenidake?
Oso galdera orokorra da eta asko esateko ematen duena. Niri zerbitzu publikoa,  profesionala, interesgarria eta independentea eskaintzea interesatuko litzaidake. Batez ere nahi nuke gure medioek gurea ikusteko eta entzuteko beharra sor dezatela.

Horretan EITBk zer du bere alde eta zer kontra?
Alde, gizartea gure alde daukagula eta hemen ditugun profesionalak. Eta kontra, politikarien gerra eta gero eta bitarteko gutxiago ditugula.

Suriori noizbait irakurri diot ETBren gaitz osoen erantzukizuna TDTak zuela. Zuk horrela ikusten al duzu?
TDTk audientziak zatitu egin ditu. Tarta berdina jarraitzen du izaten eta tarta hori jende gehiagoren artean banatu behar da. Hori da izan dugun aldaketa izugarria. Orduan, arrazoi handi bat audientzia txikiagoa izateko bada, baina ez da bakarra.

Esan duzunez, ez da ERErik egongo EITBn…
Horrela da, ez dago hori planteaturik, inondik inora.

Baita langileei jarrera solidarioa eskatuko diezula ere. Zertan datza solidaritate hori ?
Bueno, alegia… dena dugu aztertzeko. Uste dut balio hori berreskuratu behar dela. Baina hemen konkretatzen hasten banaiz, badakit prentsan azalduko dela ez dakit zer. Ulertu egidazu, ez dut nahi horrela hasi, gauzak beste fundamentu batekin hasi nahi ditut.

ETB1 indartu nahi duzu. Interesgarria da, baina kontraesana dirudi era berean, orain arte egin ez dena diru gutxien dagoenean egin nahi izateak. 
Bai, baina etorkizuna horrela planteatzen ari gara eta ez dut nahi… bueno, hori ezin dizut ukatu.

Eguigurenek eta beste ahots batzuek ETB bakarra proposatzen dute, hau da, ETB1 bakarrik uztea.
Ez nago horren alde. Gaur egun, euskara eta erdaren arteko zubiak eratu beharko ditugu.

ETB1en diseinua zaharkituta dagoela ere entzun izan dut. 30 urte pasa direla eta jada ez ditugula marrazki bizidunak soilik ikusten… ezta pilota partidak ere.
Hori topikoa da. Ez dugu hori bakarrik egiten. Behar bada, behar dena hobeto antolatzea da.

Komisio bat sortu zen aurreko taldearekin. Horrelako zerbait egiteko asmoa duzue?
Horretaz geroago hitz egingo dugu. Ez dugu denborarik izan ezta biltzeko ere.

Hilabete barru eskatuko dizut beste elkarrizketa bat.
Nire profil publikoa baztertu nahi dut eta lanean jardun, bestela hau amaigabeko soka izango da.

Zure gustuak zer trazakoak diren jakitearren, aipatuko al dizkidazu zure saiorik gustukoenak?
Irratian “Mezularia”. ETBn, albistegiez gain, ETB1en “DBH” ikusi izan dut azkenaldian, eta ETB2an zer esango nuke? Agian “El conquistador” bera. Radio Euskadin goizeko “Bulevar” entzuten dut… eta ETB.net-en noizean behin sartzen naiz, egia esan, ez asko.  Amaia EREÑAGA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo