Calderon de la Barcaren eta Fournierren lanak, euskaraz
Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen arteko lankidetzari esker ari dira Literatura Unibertsala bildumari jarraipena ematen. Atzo aurkeztu zituzten bi lanak gehiturik, jada 156 dira argitaratu dituzten lanak.Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Xabier Payak eta Monika Etxebarriak hartu dute literatura unibertsaleko urrezko bi lan itzultzeko lana. Lehenak, Pedro Calderon de la Barcaren «Bizitza amets» («La vida es sueńo») antzezlana euskaratu du; bigarrenak, berriz, Alain-Fournierren obrarik ospetsuena, «Meaulnes handia» («Le grand Meaulnes»).
Xabier Oleaga editore eta itzultzaileak aurkeztu zituen bi liburuak Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen izenean; horiek dira Literatura Unibertsala sailaren arduradunak. Fournierren lana gazte literaturakoa dela eta oraindik ere adin tarte horrekin konektatzeko gaitasuna duela adierazi zuen eta, beraz, eskoletan promozioa egingo dutela. Calderon de la Barcarenari buruz, berriz, itzulpen lan oso zaila dela baina Payak oso lan txukuna egin duela esan zuen.
Horren ondotik, Payak editorearen hitzak eskertu zituen eta egindako itzulpenari buruz aritu zen. «Bizitza amets» hizkuntza askotan itzulia izan da, baina hau da euskaratzen den lehen aldia. Jende asko harritzen du horrek, eta horrek gogoeta piztu du itzultzailearengan: «Altxor hau euskaraz ez izatea harritzekoa da, baina harritzen denak liburua irakurri ez duela iradokitzen dit, oso konplikatua delako euskarara ekartzeko -bota zuen- Ez da itzulpen agentzia batera bidal daitekeen lan horietako bat».
Kontatutakoaren arabera, Lope de Vegak esaten zuen gai bakoitzak bere neurria izan behar zuela, eta Calderon de la Barcak ere ildo horretatik jo zuen. «Bizitza amets»-ek errima eta neurri zehatzeko testuak ditu, eta horiek mantendu ala ez erabakitzeko gainerako itzulpenak aztertu zituen. Frantsesez prosara pasatu zuten; ingelesez, berriz, erritmoa eta errima mantendu egin dute tradizioa dagoelako. Orduan euskal gizartean tradizio hori ba al den galdetu zion bere buruari. «Xabi Paya bertsolariak Xabi Paya itzultzaileari erantzun zion: `beti kantatu izan dugu gauzak kontatzeko'», eta horregatik ahal izan duen neurrian errimak eta erritmoak mantendu ditu.
100 urte gazteak entretenitzen
Monika Etxeberria, bestalde, berak esku artean izan duen «Meaulnes handia» nobelari buruz aritu zen. Argitaratu zenetik 100 urte beteko ditu aurten, eta ordutik bere ospea handituz joan da denboraren poderioz. «Fournierrek ez zuen saririk nahi, jende askok irakurtzea baizik, bere desira bete egin da», nabarmendu zuen.
Duen arrakastari esker, eragin handien duten XX. mendeko frantsesezko testuen zerrendan 9. postuan kokatzen da. Hau posible izan da, aspaldikoa bada ere, garai guztietako irakurleak erakartzeko estiloa duelako. «Abentura liburu bat da errealitatea eta fikzioa nahasten dituena, oso entretenigarria».