Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Idazlearen ahotsa (V)
Laburbilduz, Stephen Kingen adierazpenek armen jabetza eta erabileraren aldekoen artean pizturiko haserrearen atzean hainbat kontu daude; besteak beste, idazlearen ahotsak gizartean betetzen duen tokia. Idazlearen adierazpenekin bat gatozenean, zilegi iruditzen zaigu hura gure bozeramaile gisa aritzea. Gure iritziekin bat ez datozen adierazpenak egiten dituenean, ordea, arbuiatu egiten dugu rol hori bera. Jarrera kritikoa izatea, herritar arrunta ikusteko gai ez den edo ikusi nahi ez duen hori azaleratzea da arte adierazpide ororen beharra, edo halaxe uste dugu. Bidegabekeriaren bat salatzeko gai ez denean bere lana ezegokitzat jotzen dugu.
Agian, gehiegi espero dugu idazleengandik, ahaztuz hanka-sartzeak egin egin ditzaketela. Hala ere, herritar arruntaren ezjakintasuna eta hanka-sartzeak barkagarriagoak egiten zaizkigu beti, idazlearenak baino. Zilegi da hori egitea? Gaur egungo masa komunikabideen presentziarekin, posible da argudio horri eustea? Noren kontzientzia zuritu nahi da alemaniar arruntek beren etxe ondoan gertatzen ari ziren bidegabekerien berri «ideiarik ez zutela» esaten denean? Noiz arte jarraituko dugu esaten ez dugula munduan gertatzen ari diren sarraskietan inplikaziorik, gure gobernuak, geure ongizatea bera, modu batera ala bestera, beti inplikatuta daudenean? Nola uka dezakete armen jabetza eta erabileraren aldekoek beren jarrerak ez duela AEBetan goraka doan krimen kopuruan eraginik? Noiz ulertuko dugu pentsamendu kritikoa ez dela intelektualen edo artisten zeregina bakarrik, herritar arrunta ere hasi behar zaiola burmuinari eragiten?