Nafarroako Bertso Txapelketako finaleko parte hartzaileen zerrenda osatuko dute gaur Elizondon
Arabako Bertso Txapelketa amaieratik gertu dago jada. Joan den asteburuko Dulantzin jokatu zen hirugarren finalaurrekoaren ostean, badute hilaren 16an Gasteizen arituko den seikotearen izenen zerrenda.
GARA | DONOSTIA
Nafarroako eta Arabako bertso txapelketak amaitzear daude. Gasteizen finala jokatuko dutenen zerrenda jada osatuta dago, Dulantziko saioaren ostean. Iruñean arituko direnen izenak, ordea, gaur bertan Elizondon gertatzen denaren araberakoak izango dira.
Nafarroako txapelketako lehen bi finalaurrekoak joan den asteburuan jokatu zituzten, lehena Atarrabian eta bigarrena Etxarri-Aranatzen. Horietan Julio Soto eta Xabier Silveira atera ziren garaile eta, hortaz, finalera pasatuko dira zuzenean. Datorren martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalean parte hartuko duten beste bertsolarien izenak gaur iluntzean ezagutuko ditugu, Elizondoko saioa amaitzen denean.
Emanaldia 17.30ean hasiko da Lur aretoan. Oholtzara igoko direnak Jolen Zelaieta, Migel Mari Elosegi Luze, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia izango dira. Horietatik lehena zuzenean sailkatuko da finalerako. Gainerako bost finalistak finalaurreko guztien puntuazioa aintzat hartuta sailkatuko dira. Honela osatuko da finala jokatuko dutenen zerrenda osoa.
Sarreren salneurria zortzi eurokoa da; bost eurokoa, bertsozale elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Leihatilak 16.00etan irekiko dituzte, baina aldez aurretik erosteko aukera ere badago, www.bertsosarrerak.eu webgunean.
Azken txanpa
Arabako txapelketako finala, ordea, martxan dago. Izarrako finalaurrekoan Asier Otamendi sailkatu zen finalerako, Aramaiokoan, Manex Agirre, eta Dulantzikoan, Iñaki Viñaspre. Horiekin batera, finalaurrekoak jokatu zituztenen artean puntuazio altuena lortu zuten hiru bertsolariak sailkatu dira datorren larunbatean Gasteizko Amaia Zentroko oholtzara igotzeko.
Kasu honetan, zerrenda osatzen dute Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolazak. Kasualitatez, hirurak Dulantziko saioan aritu ziren Viñaspre bezala, Irati Anda eta Izar Mendigurenekin batera.
Saio honetarako sarrera arruntak 10 euroan daude salgai www.bertsosarrerak.eu atarian. Bazkideek 7 euroan eros ditzakete eta 16 urtetik beherakoek 3 euroan. Finalaren egunerako txartelik geldituko balitz, leihatilan salduko dituzte.
Txapelketen inguruko informazio oso eta eguneratua Interneten eskuratu daiteke. Nafarroari buruzkoa, «www.nafarroakotxapelketa.com» webgunean eta Arabakoari dagokiona, www.arababertsozale. org web orrian.