Xabier Lasa Berriozarko alkatea
Rubalcabaren ikasgaia
Baina oker dabiltza XXI. mendeko politikagintzak behar duen alderdi edo egitura eredua hori dela uste badute. Egun krisian dagoena ez da PSN edo PSOE, ezta Rubalcaba ere, euren politika eredua baizik
Aspalditik genekien; 2007ko abuztuan gertatutakoa gogoratu besterik ez da egin behar jakiteko alderdi sozialistaren barrenean erabakiak Madrilen hartzen direla. Gainera, duela aste pare bat Roberto Jimenezek gogorarazi zigun. Eguesibarko UPNko alkatearen kontrako balizko zentsura mozioaren aurkezpenaz ari zen orduan, eta literalki erran zuen PSOEren barrenean erabaki garrantzitsuak Madrilen hartzen direla.
Gauza bera berrestera etorri zen Rubalcaba jauna gurera aurreko egunean, eta, bide batez, Nafarroako UPNri lasai egon daitekeela baieztatzera; nahi izanez gero legealdi osoko gobernua segurtatua duela, alegia. Izan ere, Madrilgo PSOEk ez du abenturarik nahi abertzaleekin. Nahiago du Nafarroan alderdi gisa desagertu edo ezerezaren hurrengoa izatera pasa estatu mailako kontraerranak sortzea baino. PSOE -eta horrek barne hartzen ditu PSN eta PSE- ezer baino lehen espainiarra dela gogoratu digu, eta alderdiaren estatu mailako interesen zerbitzura dagoela. Ondorioz, Nafarroa bi urte gehiago eskuinaren agindupean, eta, PSN, kili-koloaren zeremonian; egun batean hemen, bihar han, gaur baietz, bihar ezetz. Funtsezkoa sekula zalantzan paratu gabe.
Ez da hori gure kezka nagusia baina, zeren eta PSNren aldetik espero zitekeena horixe baita, sistema politiko-ekonomikoa bermatzea dute lehentasun, Espainian bezala Nafarroan ere. Ezer berririk ez alde horretatik, inportanteena eta kezkagarriena, aldiz, beste kontu bat da: PSOEk ordezkatzen duen eredu politiko hierarkiko eta tradizionala indarrean dagoela oraindik ere. Sozialista espainiarren idazkari nagusiak erran digu haren politika ereduaren arabera alderdietako politburoak bakarrik duela erabaki garrantzitsuak hartzeko ahalmena; gainerakoak, boto-emaileak, militanteak, hautetsiak, tokiko koadroak... obeditzeko daudela, aparatuari men egiteko. PSOEk ez du nahi bere baitan gogoeta egiten duen jenderik, ez eta berezko pentsamendua osatzeko edo kritika egiteko gai den kiderik ere. Soldaduak nahi ditu, aginduak irentsi eta doktrina ofiziala zabaltzeko prest daudenak. Boterea ez dago herri edo auzo bilguneetan, ezta batzarretan ere... Tokiko organoek funtzio kosmetiko hutsa betetzen dute haientzat; kongresuak eta bilkurak egiten dituztenean oihartzun mediatikoa izateko daude, ez gehiagorako. Militantzia ez da subjektu politikoa, bitarteko hutsa baizik. Eta erabaki inportanteak, politiko-estrategikoak -eta taktikoak ere, bistan da-, hartuta daude militantziarengana iritsi aitzin, kargu organiko garrantzizkoenak aldez aurretik izendatuta dauden bezala. Rubalcaba eta PSOE dira gaur egun ikus dezakegun alderdi piramidalaren eredurik hoberena, paradigmatikoena, hain segur.
Baina oker dabiltza XXI. mendeko politikagintzak behar duen alderdi edo egitura eredua hori dela uste badute. Egun krisian dagoena ez da PSN edo PSOE, ezta Rubalcaba ere, euren politika eredua baizik. Aitzitik, garai hauetan denok gaude zaharkeria horretaz nazkatuta, ustelkeria egoera honetara ekarri gaituen eta politikagintza herriarengandik bereizi duen ereduaz nazkatuta. Herritarrok gero eta gehiago subjektu politikoak izan nahi dugu, egiturak, ideiak, sistemak... aldatu ahal izateko.
Rubalcaba Iruñera etorri da bere alderdiari hegoak moztera, ilusioa inaustera, bere militanteei erabakitzeko ahalmena kentzera eta nafarrei aldaketaren itxaropena zapuztera. Ongi etorri Rubalcaba, eta ongi joana. Gauzak argitu dizkiguzu, zeren eta gu ere, ezkerreko abertzaleok, batzuetan gezurrak eta itxaropen faltsuak irenstera iritsi baikara, eta zurea bezalako errealismo adierazpen batek non gauden eta, batez ere, zuek non zaudeten ikusten lagundu baitigu.
PSOEk, PSNk, PSEk eta euren buruzagiek erakutsi digute ezkertiar abertzaleok gaur egun eraikitzen ari garen proiektua nola ez dugun osatu behar, Euskal Herrian politikagintza errotik aldatzeko balioko duen proiektu demokratiko eta parte-hartzaile bat eraiki nahi badugu, bederen. Dagoeneko ikasi dugu benetako aldaketa aurrera eramateko eduki politiko berriak ekartzeaz gain alderdiak eta koalizioak egituratzeko formak eta antolakuntzak ere beste era batera moldatu behar ditugula, eta militantziari erabakiak hartzeko eskubidea bermatzeko tresnak apailatzea ezinbestekoa dela. Kontuan har dezagun Rubalcabaren ikasgaia.