Julen MURGOITIO
Zer demonio, Jainkoarren!
Albiste bihurtu da. Mundu osoko hedabideetan albiste, Antartikatik Artikora Bilbotik pasatuta. Bai, atzo, gaur eta datozen egunetan ere, han-hemenka albiste. Zer eta Vatikanoko Zerrendan hauteskundeak!. Bai, horixe, hautatzeko garaia, euren narratiban konklabe esatea nahiago izaten badute ere. Baina, zer demonio! hauteskundeak azken batean! Pedro Eneako maizter berrirako bada ere! Hortaz, zergatik Pope deitu eta ez, kristo guztiak bezala, Elizaren Idazkari Orokorra?. Gainera, hauxe kolpea! zerrenda bakarra bozkatuko omen dute! izen bakarreko zerrenda bakarra! Eta ez ei da hori kritikatuko duen kristaurik!. Ama, ama!. Total, azken egunotan handik eta hemendik ari dira Vatikanoratzen kardinalak; diotenez, Perexil uhartekoa da falta diren gutxienekoa, grebaren bat dela medio. Tira, Vatikanoko Hirira!. Konfiantzazko kristau batek xuxurlatuta, kristoren giroa dago Hirian egunotako gauetan, eliza guztiak ordu txikerretan ere zabalik. Lehengoan kantu-kantari ikusi zuten kardinal talde bat plaza izkinan, GARAko azken liburua eskuan; konklabean, ostera, kontu-kontari aritu beharko!.
Horra, denbora pasatu ahala konklabea gertuago. Zer ez nuke nik emango Sixtoren Kaperako bazter batetik begira egon ahal izateko! Ez dakit, baina reality show horietariko baten antza hartzen diot nik konklabeari, ustez kaperan piszinarik ez bada ere. Ogi-apur gogortuak boligrafoko zulotik elkarri botatzen imajinatzen ditut hango batzuk. Beste batzuk aldizkarietako argazkiei begira. Edo sudoku egiten. Bakarren bat Korana zuzentzen ere. Edo «Deia» irakurtzen. Zergatik abade egin eta ez Nafarroan igeltsero, horretaz buruari galdezka izango denik ere ez da faltako. Ene, ene! imajinatzen nago konklabeko alde batean haurtzaindegia... badakizu, elizeko lana eta etxekoa kontziliatzeko. Aa! Zer ez nuke nik emango! Prest nengoke berriz ere Gangeseko uretan bataiatua izateko!. Baina ez dut uste sartzen utziko nautenik, Gangesen diot, Bilbo erdikoa izanda ere, jaiotzez.
Eta hantxe iraungo dute, izena adostu arte. Izana lehendik dator, Jainkoaren legearen eranskin batean idatzia baita. Ez dezala luze jo, Jainkoarren! Bestela, baten batentzat hil-kapera bihurtu daiteke Sixtoren hori. Hantxe, ke-mutur zuriak Hiria eta haragoko zerua hartu arte. Gogoan daukat Islandiako sumendi harena. Amen.