GARA > Idatzia > Kultura

Haurrek Gasteizko katedrala gertutik ezagutu ahal izango dute Katu pertsonaiari esker

GARA | GASTEIZ

Gasteizko Santa Maria katedralari buruzko gakoak ematen dituen liburua argitaratu dute euskaraz eta gaztelaniaz. «Katu bazen behin... Gasteizen» lanak haurrei tenpluak gordetzen dituen sekretuak ezagutzen laguntzeko helburua du.

Katu katedralean bizi da, bere familiako belaunaldi asko bezalaxe, eta bere abenturei esker tenpluaren historia, eraikitze lanak, arazoak eta zaharberritzea gertu-gertutik ezagutu ditu. Horregatik, haurrei erakutsiko die XVIII. mendeko gasteiztarrak nola bizi ziren, Erdi Aroan zein defentsa sistema erabiltzen zituzten edota zein balio artistiko-arkitektoniko dituen eraikinak gaur egun.

Ainhoa Gomez irakasleak idatzitako liburu sail baten lehenengoa dugu «Katu bazen behin... Gasteizen». Kontakizunaz gain, Ismael Garcia Historian doktoreak egindako marrazkiak ere baditu liburuak. Bi egileek harreman estua dute katedralarekin, bertako proiektuetan parte hartu baitute azken urteetan eta oso ondo ezagutzen baitute zaharberritze prozesua.

Liburua Bisitariak Hartzeko Zentroan dago salgai, 18 euroan. Hori bai, nahi duenak dohainik eskura dezake formatu digitalean www.catedralvitoria.com atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo