GARA > Idatzia > Kultura

NARRATIBA

Iparrorratzaren bila

p054_f03.jpg

 

Xabier ETXANIZ

Igor gazte nerabe baten istorioa kontatzen digu hain izenburu adierazgarria duen Igerabideren gazte literaturako lan honek. Igorren bizitza oso gorabeheratsua dugu, gurasoak banatuak (ama beste maitale batekin joana, hobe esanda), arreba nagusiak amarena egiten, lagun berriak egin nahian... eta nerabezaroa den egoera zalantzakor, aldakor, bizi eta norabide argirik gabeko horretan Igor mundu berri bat deskubritzen hasiko da Irene ederrak liluratuta.

Ziztu bizian joan ohi da Igor motoan, eta horrela doaz orriak irakurlearen aurrean; hasieran oso gauza gutxi gertatzen direla dirudi, idazlea irakurlea testuinguruan kokatzen ari baita, Igorren munduan barneratzen; baina gero, Irene agertzean Igorren bizitzan emaniko aldaketen lekuko izango gara. Bera baino urte batzuk helduago den neska salbatzen du, eta poliki-poliki neskaren sarean geratzen da harrapaturik; gauetan irten, drogaren mundua ezagutu; Ireneren kuadrillakoekin hasi, nahiz eta gustukoak ez izan... eta bitarte horretan Igorren ondoan, etengabe, aholkuak eta iritziak emanez, bere benetako laguna, Tripazorro.

Gorabeheratsua da gazteen bizimodua, eta are gehiago Igorrena; arrebak, «nanoa» deitzen dion arreba horrek, ez du laguntzen; aita ere oso urrun sentitzen du... lagun berriak erakargarriagoak zaizkio, nahiz eta ez konbentzitu. Eta horrek guztiak ezinegona areagotzen du Igorren baitan, etsipena, itxaropena edo amorrua bezalako sentimenduak plazaratuz, «Zergatik alde egin zenuen, ama!» kalearen erdian botatzen duenean bezala.
Igerabidek familiaren inguruan, lagun taldeak edo harremanak eta protagonistaren barne borrokak oinarri hartuta eraiki du nobela hau, gaztaroaren egoera batzuk oso muturrera eramanez, satira edo karikatura puntua ere izanik -izenen erabileran ere-. Baina, «Motoa» hau, batez ere gustura irakurtzen den nobela bizi eta entretenigarria dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo