GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroako Bertsolari Txapelketak osatu du finaleko parte hartzaileen zerrenda

p051_f02.jpg

N.B. | ELIZONDO

Martxoaren 23an Iruñean jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean parte hartuko dutenen zerrenda osatu da jada, atzo Elizondon ospatu zen azken finalaurrekoaren ostean. Hain zuzen ere, Erika Lagoma, Xabier Silveira, Jon Barberena, Julio Soto, Eneko Laskoz, Aimar Karrika, Eneko Fernandez eta Oskar Estanga izango dira Anaitasuna kiroldegiko oholtza gainera igoko direnak. Horietatik bi, Aimar Karrika eta Eneko Fernandez, lehen aldiz izango dira final batean. Erika Lagomarentzat, berriz, itzulera moduko bat izango da, aspaldian ez baita final batean izan. Gainontzeko guztiak duela bi urteko finalean izan ziren, beraz, badute eskarmenturik.

Saiorik apalena

Atzoko irabazlea Aimar Karrika izan zen, eta, hortaz, zuzenean sailkatu zen finalerako. Aurreko bi finalaurrekoetako irabazle Julio Soto eta Xabier Silveirak ere bazuten jada euren lekua ziurtatuta Anaitasunako finalerako, aurreko asteburuan Atarrabian eta Etxarri Aranatzen garaile atera ostean hurrenez hurren.

Gainontzeko bost finalistak finalaurrekoak jokatu dituzten bertsolarien artean puntu gehien lortu dituztenak izango dira. Lagoma eta Estanga Atarrabian aritu ziren lehen finalaurrekoan, eta, Barberena, Laskoz eta Fernandez, berriz, Etxarri Aranatzen ospatu zen bigarren saioan.

Elizondoko Lur aretoan atzo jokatu zen hirugarren finalaurrekoa izan da guztietan apalena, antolatzaileen arabera. Izan ere, bertsolariak urduri zeuden finala gertu dagoelako eta Iruñean kantatzeko aukera lortzeko presioa zutelako.

Saioa gorabeheratsua izan zen, eta parte hartzaileen artean ez zen desberdintasun handirik egon. Azkenean, Aimar Karrikak lortu zuen lehen postua 391,5 punturekin, batez ere bakarka egindako lanari esker eta ariketa guztiak kontuan hartuta erregularrena izan zelako.

Karrikaren atzetik, oso puntu gutxira, Julen Zelaieta gelditu zen (388,5). Jarraian Migel Mari Elosegi Luze (385), Xabier Maia (376,5), Oier Lakunza (373) eta Saioa Alkaiza (356) sailkatu ziren.

Datorren larunbatean, hilaren 16an, Arabako Bertsolaritza Txapelketako finala jokatuko da, eta, hala, bertsolari nafarrek astebetez atseden hartzeko aukera izango dute. Izan ere, hilak 23an jokatuko da Nafarroako txapelketako zortzi bertsolari onenen arteko finala.

Finala 17.00etan hasiko da, baina leihatilak aurretik irekiko dituzte azken sarrerak saltzeko. Hori bai, sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eu atarian 18 euroko prezioan. Bertsozale Elkarteko bazkideek zein 16 urtetik beherakoek 12 euroan eskuratu ahal izango dituzte.

Horrez gain, final osteko afaria ere barnean hartzen duten txartelak jarri dituzte salgai. Horiek 40 euroan daude salgai, bazkideentzat, berriz, 34 euroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo