Kontsulta batzordea, Europako hizkuntzen karta berresteko
KAZETA | URRUÑA
Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berresteko ikuspegiarekin kontsultarako batzordea sortu du Estatu frantseseko Kultura eta Komunikazioko Ministerioko buru Aurelie Filippettik. Eskualdeetako hizkuntzen promoziorako eta barne aniztasun linguistikoaren kontsultarako batzordea joan den asteazkenean egin zuen ofiziala ministroak. Bere helburua, besteak beste, Estatuaren baitan den hizkuntz aniztasuna indartzeko gomendioak ematea izanen da. Parlamentari eta eskualdeetako hautetsiekin batera, linguistek, legelariek eta unibertsitate inguruko hamar pertsonak hartuko dute parte Remi Caron buru izanen duen taldean. Batzordeak deliberoak ekainean emanen dituela espero da.
Batzordeak hainbat xede izanen ditu: botere publikoei Estatuak hartutako engaiamenduen araberako erabilera moduak argitzea, hizkuntzen perimetroa zehaztea eta orokorrean, hizkuntz aniztasuna indartzeko gomendioak ematea.
Caron prefet ohia eta Estatu kontseilaria gidari dela, besteren artean Ipar Euskal Herriko senataria den Frederique Espagnacek, Paul Molac senatari bretoiak eta David Grosclaude Akitaniako kontseilari okzitaniarrak hartuko dute parte.
Euskara eta bearnesa
«Orain arte eramanak izan diren politiken alderantziz, aktore politiko eta akademikoak garenon ardura da, gure eskualde eta nortasun ezberdinen altxorrak birgaitzea», adierazi zuen Espagnacek batzordearen sorrera kari.
«Eskualde hizkuntzen balioztatzeko duen engaiamendua eta lotura oroitu nahi izan ditut, bereziki euskara eta bearnesa, baita gure herriaren ondare kulturalean beharko luketen ezagutza», gaineratu zuen. Estatu frantsesak 1999an sinatu zuen gutuna, baina ez du berretsi. Batzordearen sorrerak bidea egiten ari dela ematen du aditzera, baina parlamentarien 3/5enak onartu behar du konstituzioa aldatzeko.