GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Alberto Aldasoro, Balentin Gabilondo, Eneko Karrera Gipuzkoako EHNEko presidente ohiak, EHNEko baso sailaren babesarekin

Zuzendari zuzenari

Azken egunotan ikusten ari garen zikintze kanpaina ikusirik, Julian Unanue, Gipuzkoako Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariaren aurka, ezin gara isilik geratu.

Gipuzkoako baso politikaren definizioa ez da atzo goizeko eztabaida. EHNEk izatez, azken berrogei urte hauetan, borroka ugari egin ditu baso politika egokitzeko, planteamendu irekiagoak egiteko, hostozabalak bultzatuz eta beste landare mota batzuen aldeko apustua ere eginez intsinis pinutik harago, izeiak, eta abar.

Eta EHNE diogunean, Julianek ere zentzu honetan eginiko lanaz ari gara hizketan. Baserritarrok lantzen ditugu lurra, larreak, mendiak eta basoak. Landa eremu eta natur esparru horien zaintzaile izan ginen eta gara, eta era berean, egur ekoizpena euskal baserrietako jarduera bat gehiago izan da, esnea, haragia, gazta edota barazkiekin batera.

Egurra ekoizteko gaitasun onak ditugu herri honetan, beste arlo askotan ez bezala. Material eta energia berriztagarrien aldeko kontzientzia ugaritzen ari den garaiotan, hormigoi eta burdinaren garaitik bertan ekoiztutako egurraren aldeko jarrerak bultzatzera pasa beharko genukeelakoan gaude. Onartezina deritzogu, demagogia merkea erabiliz, Juliani «traidore» deitzea, edota bere interes pertsonalen mesedetan lan egiten ari dela esatea! Talde ekologisten iritziak jaso eta eztabaidatuz landu behar dira, baina ez dira bakarrak! Eta parte-hartzearen izenean, talde horiek esaten dutena eta esaten duten bezala egin behar bada, oso era ezberdinean ulertzen dugu parte-hartzea. Julian egiten ari den saiakera babestu nahi dugu adostasunetik abiatutako baso politika diseinatzen, bestela ez baitu bide luzerik egingo, inposaketak gainditzeko garaian baikaude.

Gutxi izango dira Julian Unanue bezain zuzendari zuzenak, eta bere fideltasuna erakusten ari da politika egiteko beste modu bati. Eztabaidak eta foro anitzak planteatuz adostasun eta aliantzak bilatzen saiatzeari ez diogu beldurrik izan behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo