GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Nola den posible

Sinetsi nahi dut, sinetsi beharra daukat utopia ez dela, Alfonso Sastrek esango lukeen bezala, metafisikoki ezinezkoa den zerbait, historikoki ezinezkoa izan den zerbait baizik

Odol hotz guztiarekin bahitu eta hil zuen Yolanda, nola da posible gizon horrek gu babestu behar gaituztela pentsatzen den poliziak prestatzea?». Nola da posible?, galdetzen dute Yolanda Gonzalezen etxekoek. Ez dela posible. Kriminal bat poliziei ikastaroak ematen. Zenbatek egiten ote dute galdera bera, zenbatek esan gauza bera. Izan ere, tamalez, zenbat «ez da posible» jasan ote ditu herri honek bere historia hurbilean; zenbat marra gorri (eta beltz ere) gainditu ote ditu dagoeneko. Zenbat Lasa eta Zabala?, zenbat «oso latza izan da»?, zenbat Xuban Nafarrete edo Cabacas? Zenbat eta abar? Zerrenda amaiezina litzateke. Jon Anza bahitu eta hil izana heriotza naturala izan dela esan berri dute epaitegietatik. Nola da posible?, ikerketa sakon bat ere egin ez dutenean. Nola?, galdetzen diogu geure buruari, nola eta noiz arte egon behar du herri honek auzitegiei begira, legedia berezien mende? Zenbat galdera ditu gaur Euskal Herriak? Eta erantzunak? Eta suminduta gaude, haserretuta; gogaituak hipokrisiak dituen milaka aurpegiekin; inpotentziak sortzen duen egonezarekin. Eta sumendia lehertzear sumatzen dugu, baina ez da lehertzera iristen. Denak berdin jarraitzen du, edo berdin jarrai dezan uzten dugu. Gertaeren magma soziopolitiko eta kulturalak bor-borka jarraitzen du, beroa botatzen du, baina ez da lehertzera iristen sumendia. Horrela, egunero da Martxoak 3 bat; egunero da Martxoak 8 bat gure memoria zulatuan. Egunero da gerra berriren bat betiko gerra zaharraren geopolitikan. Egunero ateratzen zaigu «ez da posible» bat barrutik.

Errealitatea ez omen da egia, sinbolikoki eraikitako egitatea baizik. Eta agian, borroka errealak irabazi aitzin, borroka sinboliko asko irabazi beharko ditugu oraindik. Ez dakit. Nola da posible, bestela, jendea hain etsita egotea? Trapuzko panpinak legez bere buruaz beste egiterainoko egoera muturrekoak hartzea? Zer egin dugu gaizki edota ez hain ondo hau guztia gerta dadin? Egoera psikosozial honetara iristeko? Aurreraka ala atzeraka goaz? Ez dakit. Baina kapitalismoak hil egiten du. Zolaren «Les miserables» garaira ez ote goazen.

Arrazoiak emantzipatu egin behar gintuen, aurrerakuntzak, industrializazioak askeago egin behar gintuen, baina praktikan, ondorio totalitario eta sistemaren usteldura baino ez du ekarri. Zertarako (galdetzen dut) hainbeste deklarazio unibertsal, giza-eskubide eta demokrazia, norbanakoari inolako bermerik ekartzen ez badio? Inpunitatea babesten bada?

Norberaren hizkuntzan hitz egiteagatik epaituak izaten dira herri honetan. Nola liteke erresistentzia garaiak direla esan eta kulturan zein hizkuntz politikan murrizketa gogorrak egitea? Ez da posible, baina hala da. Agian ez gara hain geure baitakoak.

Bref, galderak baino ez ditut. Eta hodeiak lurrintzen diren moduan lurrintzen dira airean. Baina lagun batek esan zidan ez dela nahikoa amestearekin, amets horien alde borrokatu beharra dagoela. Eta sinetsi nahi dut, sinetsi beharra daukat utopia ez dela, Alfonso Sastrek esango lukeen bezala, metafisikoki ezinezkoa den zerbait, historikoki ezinezkoa izan den zerbait baizik.

Nola ba bestela?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo