GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarratek eskatu du polizia erasoen kasuetan auzitegiko medikua ofizioz agertzea

Joseba Nafarratek, Xubanen aitak, Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen atzo, Ertzaintzak gomazko pilotarik ez erabiltzeko exijitzeko. Ganberak iaz iragarri zuen ikerketa ez dela martxan jarri salatu zuen.

p016_f02.jpg

Ion SALGADO | GASTEIZ

Joseba Nafarrek, Xuban Nafarrateren aitak, Ertzaintzak gomazko pilotak ez erabiltzeko exijitu zien atzo Gasteizko Legebiltzarrean bildutako politikariei. Era berean eskatu zuen poliziaren biolentzia pairatu duten pertsonenganako arreta hobetu dezatela epaileek, auzitegiko medikuak azterketa ofizioz eginez, esate baterako. Horrela, bere semeari 2012ko martxoaren 29an, greba orokorra deituta zegoen egunean, gertatutakoa ez zen berriro errepikatuko.

Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean Nafarratek nabarmendu zuenez, bere semea, Ertzaintzaren erasoan larri zauritua izan ondoren, 46 egunen buruan aztertu zuen Arabako Auzitegiko medikuak. «Martxoaren 29an Gasteizko Juan XIII.a kalean gertatu zenaren argipena eta justiziaren aplikazio egokia jokoan egonda, zergatik berandutu zen hainbeste medikua?», galdetu zuen.

Gogoratu behar da, Ana Jesus Zulueta epaileak urtarrilean artxibatu zuela gasteiztarrak aurkeztutako salaketa, kontuan hartuta auzitegiko medikuak egindako txostena, hain zuzen, gazteak ez zuela pilotakada bat jaso adierazten zuena. Zuluetak ez zituen entzun Nafarratek proposatu zituen lekuko guztien testigantzak, eta Xubanek zeukan zauria erorketa baten ondorioa zela adierazi zuen idatzitako autoan.

Bestalde, Joseba Nafarratek ohartarazi zuen ez dela martxan jarri pasa den legealdian Legebiltzarreko talde politikoek iragarri zuten ikerketa sakona: «Bederatzi hilabete pasa dira, eta ez dakigu ezer ikerketa horri buruz. Ez zen egin ikerketarik, eta senideek ere ez dakigu ezer Barne Sailak ustez ireki zuen informazio-txostenari buruz. Izan ere, aipatutako ikerketak eragin zuen duela bederatzi hilabete burutu nuen agerraldia».

«Ganberak emandako hitza sakratua da, eta errespetatu behar da, Legebiltzarra herriaren etxea delako. Gure familiak eta herritar guztiek egia ezagutzeko eskubidea dute. Eta gogoratzen dugu eskubide honen falta demokraziaren ahulezia dela. Galderak egiteko eta erantzunak jakiteko eskubidea dugulako», azaldu zuen.

Oskar Matutek (EH Bildu) ikerketa sakon baten premia defendatu zuen, eta bere taldeak egia argitzeko ekimenak aurkeztuko dituela gaineratu zuen. Nafarratek pairatu zuen erasoan erantzukizunak argitu arte kasua ez dela itxiko adierazi zuen.

PSEko Miren Gallastegik auzitegiko medikuaren lana defendatu eta epaileak hartutako erabakia nabarmendu zuen. Nerea LLanosek (PP) bere iritzia emateari uko egin zion, eta prozedura judiziala itxita egon arte itxarongo duela adierazi zuen. EAJko legebiltzarkideek ez zuten ezer esan.

Helegitea

Joseba Nafarratek atzo, Gasteizko Legebiltzarrean, iragarri zuenez, Xubanek aurkeztutako salaketa artxibatzearen kontra helegite bat aurkeztu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo