BILBO
Kukutza eraistean atxilotutako bi gazteen kontrako epaiketa hasi da
Kukutzarekin Elkartasun Taldeak (KET) kontzentrazioa burutu zuen atzo Bilboko epaitegien aurrean, gaztetxearen eraisketan atxilotutako bi gazteren kontrako epaiketaren hasierarekin bat, hauen absoluzioa eskatzeko. Atzo epaitutako bi lagunak udaletxe inguruan izandako istiluetan atxilotu zituzten, 2011ko irailaren 23ko gauean. Desordena publikoak eragiteaz akusatuak, 22 hilabeteko kartzela-zigorrari aurre egin beharko diote gazteek. Ane Miren Unda, KETeko kideak salatu zuenez, egun horietan burututako atxiloketak «bidegabeak eta justifikaziorik gabekoak» izan ziren, eta hortaz, absoluzioa baino ez du aurreikusten bi lagunentzat. Hurrengo asteetan plazaratuko da epailearen sententzia.