Abel Enbeitak jantziko dio burua Arabako txapeldunari
Bertso doinuek egingo dute burrunba Printzipal antzokiko barrunbeetan, larunbatean Gasteizen jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. Manex Agirre, Asier Otamendi, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza lehiatuko dira. Estreinakoz sailkatutako Apaolaza gaztea eta Sanchez dira berritasun aurtengo finalean.
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Lau egun eskas, 2009tik bi urtez behin ospatzen den Arabako Bertsolari Txapelketan Abel Enbeita aitzindariak txapela nori jantziko dion ikusteko. Gasteizko Printzipal antzokian izango den finalean lehiatuko dira finalerdietan garaile atera ziren Iñaki Viñaspre, Asier Otamendi eta Manex Agirre, eta sailkapenaren arabera sartu diren Oihane Perea, Jagoba Apaolaza eta Ruben Sanchez. Azkenengo biek lortu dute Arabako finalean ezagunak diren beste aurpegiekin batera sailkatzea. Apaolazak eman du ezustea, lehenengo aldiz sailkatuta; eta Sanchez, bestalde, askotan izan da finalista, baina ez azken edizioetan. 2004an izan zuen bere azken finala.
30 urtez bertsolaritza landu ondotik, Arabako Bertsozale Elkarteak 20 urte betetzen dituen bitartean, Arabako Bertsolari Txapelketak -izen honekin-, hamaikagarren edizioa ospatuko du aurten. Urtarriletik jokatzen ari diren edizio honetara «gogotsu» datoz sailkatutako sei bertsolariak, Manex Agirre azken txapeldunak atzoko prentsaurrekoan iragarri zuenez. 2009tik daramate txapelketa bi urtez behin egiten, eta Agirreren ustez, horrek berezitu egin du finala: «Orain beste konpromiso bat eskatzen duela iruditzen zait», adierazi zuen.
Final gehienetara iritsi den Otamendiren aburuz, estilo desberdina darabilte bertsolariek, eta horrek emango dio aberastasuna eta kolorea larunbateko finalari. Bestalde, beldurra bere buruari baino ez diola aitortu zuen bertsolariak. 2002, 2004, 2005 eta 2008an Arabako Bertsolari Txapelketak irabazi ditu. Otamendiren atzetik orpoz orpo askotan ibili den Oihane Pereak ere zeresan handia izan du azken urteetan, Otamendi bezain bestetan izan baita finalean. Bi txapel ditu, bata 2007an eta bestea 2009an lortuak. Iazko Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan ere garaile atera zen, Aguraingo Taldearekin.
2009ko txapelketaren ondoren erabaki zuten bakarkakoa bi urtean behin egitea, eta tarteko urtean Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa proposatzea.
«Lotu!» lelopean, Arabako bertsolaritzan belaunaldi ezberdinek izan duten lotura adierazi nahi izan dute. Izan ere, urte hauetan guztietan lotura bat egon da Arabako bertsolaritza martxan ipini zuten gazte haien eta egun elkartea eta bertsolaritza aurrera eramaten duten gazteen artean. Horregatik, aurtengo txapelketa Abel Enbeitaren baserrian aurkeztu zuten, bera izan delako Arabako bertsolaritzaren aitzindaria. Enbeitak jantziko dio txapela irabazleari eta bertso eskolako kide gazteek banatuko dituzte gainerako sariak.
Aurkezle arituko da Izarrako bertso eskolako Olatz Bayer, eta gai-jartzaile, Maialen Kortabarria. Bestalde, Hodei Lopez de Arkaute, Ekaitz Elorriaga, Mikel Fernandez de Arroiabe, Patxi Aizpurua eta Iker Elexpuru izango dira epaileak.
Sarrerak salgai daude Interneten, www.bertsosarrerak.eu helbidean, baita Gasteizko Amaia zentroan ere.