Ixabel Etxeberria Irakaslea
Sozialistak eta immobilismoa
Herri hau martxan dago, ez du besteen baimenik goaitatzen aurrera jotzeko. Baina agintariek jartzen dituzten oztopoak oso pisuak izaten dira, garapena oztopatzen baituteSozialistak agintera heldu direlarik Parisen, askorentzat esperantza pizteko unea izaten da. Sarkozyren bukaeran, askok nazkaturik alderdi sozialistari botoa eman zioten. Zer aldatu da geroztik? Zer politika aldaketa nabarmen ikusi da frantses politikan? Berrikuntzarik ekarri al du Hollandek? Sarkozy Libian sartu zen. Hollanden Gobernuak Siriako oposizioa ezagutu du eta orain oposizioari armen igortzeko botoa eman du Ingalaterrarekin. Hollanden Gobernua Malira joan da frantses enpresa handien interesak defenditzeko. Ehun milioi euro gerla horretan sartu zituztela aitortu dute. Hau guztia inongo erre- ferendumik egin gabe, Estatua krisi bete-betean dagoelarik, laguntza sozialetan murrizketak egiten direlarik. Valls jaunaz diote eskuineko barne ministro ona eginen zuela. Plantan ematen duen politikak hori bera erakusten du. Duela gutxi adierazi du Errumaniako etorkinek integratzeko nahikeriarik ez dutela, ondorioz errumaniar kanpamentuak desegiten jarraituko dutela. Bederen argi azaltzen du eginen duena, baina xenofobia kutsua duenik ezin ukatu.
Hizkuntza gutxituen karta 1992an idatzi zen eta frantses Estatuak 1999an izenpetu zuen, haatik ez zuen berretsi, frantses konstituzioak bere bigarren artikuluan erraten baitu frantsesa estatuko hizkuntza dela. Gogoratzen gara Lamassoure jaunak, Ipar Euskal Herriko hautetsiak parte hartu zuela bigarren artikulu honen idatzian. Hollande jauna kartaren berrespenaren alde jarri zen hauteskunde garaian. Euskalgintzak horren praktikan ematea aldarrikatzen du. Parisen aste hauetan prestatzen duten konstituzioaren aldaketen barnean kartaren aplikaziorik ez da agertzen. Ezkerretik, bestalde, oroituko gara Melanchon jaunak Diwan eskolak sekta batekin parekatu zituela eta berantago erran zuela kartak ez zuela bat egiten bat eta zatiezina den errepublikarekin.
Lurraldeko erreformaz aritu gara azken bi urte hauetan, lurralde berezi bat sor zitekeelakoan eta debatea bultzatu ondoren tokiko adostasun osoa lortuz Parisek ez dio interesik ikusten. Pariseko Gobernua gero eta hetsiagoa agertzen da eramaten duen politikan, edozein aldaketaren aurrean, Hollande ez da inoiz politikari ausarta izan eta eramaten duen gobernuak horren araberako pausoak ematen ditu.
Hau dena gertatzen ari da Korrika iragaten ari den unean, karta eta korrika. Herri hau martxan dago, ez du besteen baimenik goaitatzen aurrera jotzeko. Baina agintariek jartzen dituzten oztopoak oso pisuak izaten dira, garapena oztopatzen baitute. Hori ez zaie onartu behar!
Armak isildu dira, beste eraso lerro bat plantan emanen dute hizkuntzaren mundua, euskararen mundua mugatzeko. Gure herriaren zutabe nagusietarikoa baita, nagusia ez bada.
Azken urteek erakusten digute gure geroa geure esku dagoela, arerioek ez dute interesik ezertan politikaz aldatzeko. Immobilismoa askoz ere eraginkorragoa zaie! Korrika asko beharko ditugu oraindik! Baldintza horietan ondoko hauteskundeetan alderdi sozialistekin negoziazioak oso zailak izanen dira, tokiko politika ez baita Parisek daraman politikatik bereizten!