GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Marian Beitialarrangoitia Lizarralde EH Bilduko legebiltzarkidea

Europa eta Zubietako erraustegia

Eta badakizue zer den onena? EAJk badakiela, benetan, Zubietako erraustegia ez dela bideragarria. Eta badaki ez dela inoiz egingo. Horixe, onena

EAJri kasu eginez gero, Zubietako erraustegi proiektua baztertu egin beharko genuke behin betiko. Ez, ez naiz erotu: Gipuzkoan batzuek hondakinen harira egiten dituzten aurreikuspen apokaliptiko beldurgarriek (beren hizkera ikusita, Hollywoodeko zenbait film datozkio bati burura: «anabasa», «kolapsoa», «hondamendia», «izurritea»...) ez naute oraindik zoratu. Ondorio bat da, bi osagai baino ez dituen ondorioa: logika pixka bat eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Europako Parlamentuan egindako aurkezpenari EAJren munduak emandako erantzuna.

Birziklatu ezin diren materialen errausketaren alde dago Europa. Horixe, Bruselako mintegiaren ondoren jeltzaleek egin duten gogoeta. Horixe, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak zabaldutako ideia. Egin dezagun ariketatxo bat. Ahaztu dezagun, minutu pare batez, mintegi hartan entzundakoa. Ahaztu dezagun, esaterako, Andrea Zano- ni europarlamentari liberala errausketa nabarmen murriztearen alde agertu zela. Ahaztu dezagun berdeek errausketa behin betiko baztertzea proposatu zutela. Ahaztu dezagun Janez Potocnik Ingurumeneko komisarioak adierazi zuela errausketa ez dela hondakinak kudeatzeko modurik egokiena eta Europar Batasunaren hierarkiaren lehen lerrotik oso urrun dagoela. Ahaztu dezagun, baita ere, inork ere ez zuela esan, mintegi hartan, birziklagarriak ez diren hondakinak erraustu behar direnik. Onar dezagun jeltzaleen tesia: Europa birziklatu ezin diren materialen errausketaren alde dago. Ez da egia, baina, esan bezala, egin dezagun ariketatxoa.

Logika aplikatuko dugu orain. EAJko arduradunak zeharka kontrakoa onartzen ari dira: alegia, onartzen ari dira, Europaren arabera, ez dela hondakin birziklagarririk erraustu behar. Eta arrazoi dute: komisarioak, behin eta berriro esan du, baita joan den asteko mintegian ere, Europak lehengai eskasia duela eta beraz, birziklagarria den oro birziklatu behar dela; ez dela ezer birziklagarririk erraustegira edo zabortegira eraman behar. Kontuak egingo ditugu. Zubietako egitasmoak urtean 240.000 tona hondakin erretzea aurreikusi du. Gaur egun, ordea, Gipuzkoan 209.000 tona eramaten dira, urtean, zabortegietara. Hau da, gaur egun, Zubietako planta bideragarria izateko, kanpotik ekarri beharko genituzke hondakinak (Mallorcako erraustegian horixe egiten ari dira).

Baina, horrez gain, Europaren irizpideak, jeltzaleek beraiek onartzen dituztenak, aintzat hartzen baditugu, eta beraz, birziklagarria den oro birziklatzen badugu, 209.000 tona horietatik zati txiki bat baino ezingo genuke eraman Zubietako erraustegira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikerlan baten ondorioetara joko dugu: zabortegietara eramaten diren hondakinen %80 birziklagarria da. Kontuak egiten jarraituko dugu: 209.000 tona horietatik %80 birziklagarria bada, Zubietara eraman beharrekoa 42.000 tona lirateke, gutxi gorabehera. Ondorioa: 240.000 tonarentzako errauste planta dugu, baina erretzeko, 42.000 tona besterik ez. Sei aldiz gutxiago. Hau da, Zubietako erraustegia ez da bideragarria inondik ere. Europaren irizpideei kasu eginez gero, baztertu beharreko proiektua da. Izan ere, alternatiba zentzugabea da: makroazpiegitura defizitario bat eraiki eta diru publikoaz mantentzea edo bestela, urtero, kanpotik 200.000 tona hondakin ekartzea. Europaren aginduei ez ikusiarena egitea da beste aukera, baina ez dut uste EAJ, hain europeista izanda, halakorik egiteko prest dagoenik... Argi dago, beraz: jeltzaleak konturatu dira Zubietako erraustegi proiektuak ez duela ez hanka ez buru.

Errausketazaleren batek, agian, «erraustegi txikiago bat» egitea proposa lezake. Arazo bera izango genuke, ordea. Ez baitago munduan 42.000 hondakin erretzen dituen errauste- girik, zeharo defizitarioa izango litzatekeelako.

EAJren jarrera aldaketa txalotu behar dugu. Kontuan har dezagun, duela gutxira arte, lehenbailehen Zubietako planta eraikitzen has zedin eskatzen ziola Bilduri. Orain, berriz, Europaren irizpideak ezarriz gero, egitasmoa bideraezina dela onartzen ari da zeharka. Onartu onartzen dute, baina ez dute esan nahi. Lasai, hori ere iritsiko da eta. Izan ere, lehen Pasaiako superportua egin ezean, Gipuzkoa hondamendira eramango genuela zioten, eta orain, beraiek daude azpiegitura horren kontra. Antzeko zerbait gertatu da «Donostialdeko metroa» delakoarekin. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak Europako Parlamentuan egindako bisitaren ondoren EAJk zer ondorio atera duen ikusita, pozik egon gaitezke.

Eta badakizue zer den onena? EAJk badakiela, benetan, Zubietako erraustegia ez dela bideragarria. Eta badaki ez dela inoiz egingo. Horixe, onena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo