GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

alpinismoa Pirinioak eta Soria

Neguko proposamen berriak izotzean zein misto gogorrean

Ibon Azkun eta Iñigo Andolak «Lapurrez potrotaño» ireki dute Leniton. Andola bera eta Joseba Larrañaga «Super Sintroko» marran murgildu dira Peña Oroelen. Adrian Legarra, Mikel Zabalza eta Ekaitz Maizek «Harritxoriak» sortu dute Candanchun. Eta Zabalzak eta David Lopezek «Brutal Total», Sorian.

p046_f01_148x180.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Neguak laster itxiko ditu ateak, baina, alabaina, oraindik baldintzak badira han eta hemen pioletei zein kranpoiei eragiteko. Hurrengo lerrootan neguko lau bide berri aurkeztuko dizkizuegu. Horietako hiru Pirinioetan sortutakoak dira; laugarrena, berriz, Soriako Laguna Negra eremuan. Sormen lan horietan jardun dutenak, berriz, ohikoak dira gure orriotan. Eta, beste behin, sortu dituzten proposamenak guztiz erakargarriak dira. Izotza eta mistoa; mistoa eta izotza: horiek dira osagai nagusiak.

Lehenbiziko protagonistak Ibon Azkune eta Iñigo Andola ditugu. Duela aste batzuk aipatu genizuen bi pireneista hauek eta Alberto Fernandezek neguko trilogia bat sinatu zutela Zurizako haranean. Bada, Alanoko mendizerran eginiko bat zintzilik geratu zitzaigun. Andolak berak horren berri eman zigun, baina, eite bat argitu arte, hor gordeta izan da: «Lenito mendiaren (2.291 m) ipar isurialdean marra bat eskalatu genuen. Hala ere, ez genekien berria ote zen. Izan ere, eskalatzen hasi eta 30 metrora iltze bat aurkitu genuen. Han eta hemen galdezka ibili gara, eta inork besterik aipatu ez duenez, bide berri bezala aurkeztu dugu».

«Lapurrez potrotaño» du izena. 350 metro luze da, eta honako zailtasuna du: 90° eta M5. Azkunek eta Andolak urtarrilaren 12an zabaldu zuten, eta haien jardunetan ohi den legez, mistoa eta izotza tartekatu dute. Krokisean ikusten den bezala, lehenbiziko hiru luzeak oso tenteak dira eta zailtasunean jarraikortasuna du. Ondoren, tarte lasai bat du, eta amaieran, berriz, saltsa ederra.

Ia hilabete beranduago, Andola berriro martxan zen. Oraingo honetan agertoki berri batean jardun zuen, eta bere alboan beste ohiko kide bat izan du: Joseba Larrañaga. Aurtengo negua eskaintzen ari denari ondo baino hobeto erreparatu dio Azkoitiko alpinistak, eta, Peña Oroeli (1.769 m) bere zukua atera dio. Garaiera txikia duen mendia dugu, baina, haatik, sokada horrek oso goulotte ederra zabaldu du: «Super sintroko» (250 m, IV/5, M6).

Mendiaren mendebal aurpegian sei luze berri zabaldu dituzte, eta aurreko proposamenean bezala, lehen hiru luzeak dira gogorrenak. Parabolt eta iltze bana, horixe da marra osoan jarritako seguru finkoak. Andolak aurreratu digunez, komeni da bidea hotz handiarekin eskalatzea: «Mendi txikia da, eta mendebal aurpegian dagoenez, arratsaldean eguzkiak jotzen dio. Beraz, hotza eta eguraldi lainotsua egiten badu, bada askoz ere hobeto».

Candanchun, «Harritxoriak»

Martxoaren 4an, bestalde, Adrian Legarra, Mikel Zabalza eta Ekaitz Maiz oso gustura geratu ziren Candanchuko «La zapatilla» alderdian eginiko lanarekin. Alpinismoko ikastaro bat ematen ari zela, Maiz behin eta berriz sortu berri duten marrari begiratzen izan zen: «Aitortu behar dizut han goian zegoen desplomeak eta izotzak erabat harrapatu nindutela. Mikeli deitu nion ea libre zegoen jakiteko, eta, azkenean, Adrianekin hurbildu zen».

140 metro eskalatu ondoren, hirukoteak «Harritxoriak» bide berria sinatu zuen. Zailtasuna, berriz, oso garrantzitsua: WI5, M8 eta 6c. Lau luze guztira: bi aurretik zabaldutakoak eta beste bi berri.

Aurreratu dugunez, lehen bi luzeak ez dira berriak; gutxi gorabehera duela bost urte GREIMeko Oscar Cachok eta Chiro Sanchezek zabaldu zituzten. Zoritxarrez, hirukote hori ezusteko itsusi baten aurrean izan zen. Lehenbiziko luzean piolet zein kranpoientzat hainbat zulorekin egin zuten topo. Etikaren aldetik zaila ulertzekoa; baina, bai, han ziren.

Azken bi luzeak berriak dira. Lehenbizikoa M8 mistoan eta izotzean eroriarekin (95°) Zabalzak sokaburu egin zuen. Bestea, Maizentzat izan zen. 6c tartea katu-oinekin eskalatu zuen, eta, amaitzeko, pioleta eta kranpoiak eskuratu ondoren, goulotte bat (90°) gainditu zuen. Marra berri osoan bi parabolt utzi dituzte. Aipatzekoa da Maizek bide osoa era askean eskalatu zuela; luze batzuk sokaburu eta besteak bigarrenez.

Laguna Negran, laugarrena

Pirinioetatik Soriara egingo dugu salto. Hain zuzen ere, Laguna Negrara. Izan ere, Zabalza berriro protagonista dugu. David Lopezekin (Tron goitizenez ezagutzen dena) batera "Brutal total" bidea zabaldu berri du. Proposamena ez da batere luzea, 85 metro baititu. Alabaina, mistoan, bederen, gogorra da: M9. Gogorra izateaz gain, Lopezek eta Zabalzak estilo garbian zabaldu zuten, hots, iltzerik edo paraboltik erabili gabe.

Laguna Negra alderdia, berez, ezaguna da, baina neguko jardunei dagokienez apenas ezer egin den. Lopez errioxarra da, baina Soriako eremu hori begiztatu eta aztertu ondoren, sari ederrak atera dizkio. Berez, pareta hori hego isurialdean da, eta horrek izotzezko bide egokiak sortzea eragozten du. Hori dela eta, soilik benetako egun gaiztoetan eskalatzea aholkatzen da. Oro har, izotzezko marra batzuk badira; ia gehienak 5 eta 6 gradukoak. Baina, aurreratu dugun bezala, mistokoak ere sortzen ari dira.

Sokada horren sormen-lana otsailean izan zen, eta hura erabat osatu ahal izateko, hainbat egun behar izan zituzten. Lehen egunean, M7+ graduko luzea, bidearen lehena, eskalatu zuten. Egun batzuk beranduago, errioxarrak bigarrena (M8+/9) sinatu zuen. Eta azken saioa, otsailaren 14an izan zen. Hirugarren luzea (M6), Zabalzak sokaburu, arazorik gabe gainditu zuen. Eta azkena (M8) egun berean poltsikoratu zuten. Berez, luze guztiak eskalatu dituzte, baina guztiak ala guztiak ez dituzte kateatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo