GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

kirola Surfa

McNamarak uko egin die XXL izendapenei

Alkohol markak babesle diren txapelketetan ez duela parte hartuko esan du.

p052_f01_184x84.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Garrett McNamara, joan den otsailean Portugalgo Nazareurautsian olatu erraldoia hartu zuen gizona, ez dago ados kirol ekimenetan alkohol markak babesle izatearekin eta, ondorioz, XXL izendapenetan parte hartzeari uko egin dio.

Nazaren (Portugal) hartu zuen olatuaren inguruan eztabaida bizia sortu zen. Nahiz eta olatu erraldoia izan, olatu handietako surflari batzuek ez zela hainbesterako esan zuten. Edonola ere, Billabong XXL hautapenerako faboritoetako bat zen, dudarik gabe.

Billabong XXL izendapenek olatu handien munduan ospe handia dute, izendatua izateko hautatua izatea olatu handietako edozein surflarirentzat ohore handia baita, urte horretako olaturik handienetako bat hartu duzula frogatzen baitu.

McNamarak hasiera batean parte hartu zuen XXL hautapenean. Bere olatuaren irudiak lehiaketan aurkeztu zituen. Antolatzaileek Tow-in kategorian hautatuen zerrendan onartu zuten, eta izendatua izateko aukera asko zituen. Alegia, kategoria horretan irabazi eta diru sari garrantzitsu bat jaso zezakeen.

Orain, ordea, McNamarak atzera egin du eta alkoholdun edari markak babesle diren lehiaketa batean parte hartzeko asmorik ez duela esan du. XXL hautapenean babesleetako bat Pacifico garagardoa da. «Nire hautagaitza erretiratzea erabaki dut. Mundu honi zein ekarpen egiten diogun pentsatzen aritu naiz eta egunaren amaieran erabakiak hartu behar dira. Ez dut nahi haurrek pentsa dezaten alkohola edaten euren helburuak lortuko dituztela».

Hau esanda berriz ere eztabaida piztu du Mcamarak; izan ere, babesleen zerrendan leku oso txikia duen izen bat aitzakia hartu eta halako argudio ahulak eman izanak errezeloa sortu du.

«Izendapenetan irabaziko ez zuen beldur zelako erretiratu ote da?». XXL izendapena irabaziko ez balu, beste norbaitek berea baino olatu handiago bat hartu duela frogatuko litzateke, eta horrela gertatuko balitz, berea ez litzateke izango orain artean surflari batek hartu duen olatu garaiena.