Surflari ernegatua
Dopin kontrolak, drogak eta Slater
Kelly Slater: «Surf lehiaketetan droga hartzen duen jende asko dago, noski, baina jendea ez da drogatzen errendimendua hobetzeko, bestelako arrazoiengatik baizik» Slaterrek garbi hitz egin du: «Dopinaren kontua atera zen hor dagoen arazo bati heltzeko, ezta? Ba, ez dago erdibiderik, arazo horretaz hitz egiten da edo ez da hitz egiten»
Berriz ere, enegarren aldiz, hizpide da drogen afera ASP zirkuituan. Iaz, zirkuitua hasi eta dopin kontrolak egingo zituztela iragarri zuten arduradunek. Bi egunen buruan Matt Wilkinson lehiakidearen odolean arauz kanpoko substantziak aurkitu zituztela-eta zigortu egin zuten surflari australiarra.
Aurtengo munduko itzulia hasi da eta, iaz bezala, dopin kontrola egin diete lehen mailan dauden 34 lehiakideei. Oraindik ez dituzte analisien emaitzak argitaratu, baina Kelly Slaterrek hitz egin du, eta egiazko panorama zein den oso argi utzi du; «Surf lehiaketetan droga hartzen duen jende asko dago, hori ukaezina da, baina jendea ez da drogatzen errendimendu handiago bat izateko, bestelako arrazoiengatik baizik».
Alegia, porroak erretzea maite duenak esaterako, araudiak galarazten dion substantzia bat hartzen du, baina ez du hartzen lehiaketan errendimendu hobea izaten lagunduko dion zerbait.
Heroina bezalako droga bat hartzen duenak, ia zutik egon ezin badu, lehiaketa batean ongi aritzeko ere arazoak izango dituela pentsa daiteke. Michael Peterson edo Jeff Hakmanek munduko txapelketa heroina hartuta irabazi zuten, eta askotan pentsatu izan dut munduko txapelketa irabaztea baino meritu handiagoa duela modu horretan irabazteak. Izan ere, txikia nintzela nire auzoan heroinazaleak edozein bazterretan lo hartzen ikusten nituen, oker-oker eginda, ia zutik egon ezinik eta egoera horretan itsasoratu eta munduko txapelketa bat irabaztea ia sinesgaitza iruditzen zait, baina gertatu da.
Iaz hil zen Michael Peterson, 1975ean Bells Beacheko txapelketa irabazi zuenean, sastraka batzuetan ezkutatu omen zen sekulako «kolokoia» zuelako. Saria bere lagun batek jaso behar izan zuen.
Hackmanek Balin heroina probatu zuenetik droga horrekin izan zituen arazoak kontatu zituen liburu batean (Mr Sunset). Heroina hartuta irabazitako txapelketak aipatzen ditu, eta baita Waimean edo Sunseten tripiak hartuta itsasoratzen zen jendearen istorioak ere.
Maverickseko surflari ezagunenak metanfetamina hartuta itsasoratzen zirela kontatu izan dute sarri, eta haietako askok egun oraindik droga hori hartzen dutela onartzen dute.
Surf mundua eta drogak eskutik joan dira beti, eta egun ere elkarrekin doaz. Balorazio moralak alde batera utzi eta tarteka gauzak nola dauden gogoratzea ariketa sanoa da.
Slaterrek garbi hitz egin du: «Iaz, txapelketa sasoia hasi zenean eginarazi ziguten dopin proba, eta gero urte osoan zehar ez genuen beste probarik egin. Zertarako molestatu? Hobe horretaz hitz egiten ez bada. Dopinaren kontua atera zen hor dagoen arazo bati heltzeko, ezta? Ba ez dago erdibiderik, arazo horretaz hitz egiten da edo ez da hitz egiten».