Quiksilver Pro Gold Coast: Kelly Slater garaile, 2013ko WCT zirkuituko lehen proban
Hamaika aldiz munduko txapeldun izandakoak iazko munduko txapeldun Joel Parkinson australiarra garaitu zuen Gold Coasten. Australian hasi den munduko itzuliak bertan jarraituko du, bigarren proba ere han izango baita, Bells Beachen.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
WCT itzuliko lehen txapelketa amaitu da. Australian egin berri den 2013ko zirkuituko lehen txapelketaren ostean, lehen mailan dauden 19 neska eta 34 mutilak jada rankingean nor bere postua hartzen hasiak dira.
Joan den astean argitaratu bezala, nesken kategorian, Tyler Wrightek irabazi zuen txapela Gold Coasten, eta jarraian, mutilen txanda etorri zen. Irabazlea, hamaika bider munduko txapeldun Kelly Slater estatubatuarra izan zen.
Kirra
Azken urteetan Snappersen egin dute Quiksilver Pro Gold Coast txapelketa, baina aurtengoan, aspaldiko partez, Kirra izan da agertokia. Olatu hau bere onenean denean, bi urautsiek bat egiten dute eta olatu amaigabeak izaten dira, baina oso zaila da horretarako behar bezalako baldintzak ematea.
Snapper Rock eta Kirra artean olatu berak eremu desberdinak zeharkatzen ditu eta leku bakoitzak bere izena du. Olatuak lur hartzen duen lehen eremua Snapper Rock da. Haitzez osatutako sakonera gutxiko punta batean hasten da lehertzen eskuin olatu borobila, baina hondoan harea du.
Olatuaren bigarren zatiak Rainbow izena du. Aurrerago, beste sekzio bat jasotzen da, Greenmouth Point. Gero, Coolangatta hondartza zeharkatzen du olatuak, eta azkenik, harriz osatutako dike baten ostean, Kirrako olatua jasotzen da.
Guztira, mutur batetik bestera, ia bi kilometroko luzera du olatuaren ihesbideak, baina ia ezinezkoa da olatu berean ibilbide osoa egitea, zati batzuetan olatua asko azkartzen baita.
Lehia bizia
Lehen egunetan olatuen kalitatea ez zen oso ona izan, baina azken egunean, bi metroko olatu garbi eta borobilak izan ziren, tubo luzeak egiteko aproposak. Beraz, lehen egunetan olatuari ahalik eta etekin gehien ateratzeko ariketak egiten zituzten lehiakideek.
Gold Coasteko olatua tuboak egiteko aproposa da, baina tuborik ez zenez, lehiakideek lekuko baldintzetara egokitu behar izan zuten. Martxoaren 13an ordea, itsasoak gora egin zuen, haizea baretu eta surf egiteko baldintzek onera egin zuten. Txapelketari amaiera duin bat emateko baldintza egokiak ziren.
Finalerdietan, buruz buruko bi txanda, lau lehiakide, eta horien artean munduko txapeldun izandako hiru surflari izan ziren lehian; Mick Fanning, Kelly Slater eta Joel Parkinson.
Batetik, Michel Bourez 27 urteko tahitiarra eta Joel Parkinson australiarra lehiatu zuten. Joel Parkinsonek 10 puntuko tubo bikain bat egin zuen eta horrek lur jota utzi zuen aurkaria: «Olatu onaren zain denbora asko neraman urautsian, eta bitartean Parko olatuak hartzen ari zen. Olatu ona etorri zen momentuan berak hartu zuen; nik atzetik begiratu nuen, baina ez nuen deus ikusten, ikusleen oihuak entzun nituenean konturatu nintzen tubo on bat egin zuela. Etsigarria izan da».
Finalerdietako beste txandak ere ikusmin handia sortu zuen. Mick Fanning australiarra, bi aldiz munduko txapelduna (2007, 2009), eta Kelly Slater estatubatuarra, hamaika aldiz munduko txapelduna (1992, 1994, 1995, 1996, 1997, 1998, 2005, 2006, 2008, 2010 eta 2011).
Mick Fanning, Joel Parkinson bezala, Gold Coastekoa da; beraz, bertako olatuak bikain ezagutzen ditu, baina Slaterrek ere urte asko daramatza Australiako olatu paregabean surf egiten eta finalerdia oso lehiatua izan arren, azkenean amerikarra atera zen garaile.
Finalean, beraz, bi lehiakide porrokatu, Joel Parkinson, iazko txapelduna, eta Kelly Slater, iazko txapeldunordea. Biak pareko zebiltzan; beraz, olatu hoberena hartzea zuten helburu. Slaterrek 9,93 puntu jaso zituen olatu bikain bat egin zuen. Tubo sakon eta luze baten ostean olatua birrindu zuen bira batekin eman zion amaiera.
40 minutuko finalean itsasoak ekarri zuen olaturik onena Parkinsonek hartu zuen eta sekulako tuboa egitera zihoan, baina Slaterrek lehentasuna zuen; beraz olatua «lapurtu» eta berak egin zuen tuboa.
Olatu horri esker irabazi zuen Slaterrek; izan ere, ziur aski, Joel Parkinsonek egin zezakeen hamar puntuko olatua ekidin zuen, eta bestetik, berak ere puntuazio altu bat jaso ahal izan zuen.
Parkok, tuboaren barruan zihoala Slaterrek bere lehentasunezko postuaz baliatuz olatua hartzen zuela ikusita, erdiko hatza erakutsi zion, haserre keinu moduan. Garai batean, era horretako egoera batean lehiaketa arauak hain zurrun erabiltzea gaizki ikusia zegoen, kiroltasun ikuspegiak garrantzi handiagoa zeukan. Egun, ordea, lehiaketa arauak lehiaketaren parte dira eta horietaz baliatzea bidezkoa da.
Haserrea fite pasa zitzaion ordea, lehiakide izateaz aparte, lagunak ere bai baitira, eta martxoaren 27an Australia mendebaldean dagoen Bell Beachen hasiko den itzuliko bigarren txapelketari begira gogotsu mintzatu zen Parkinson: «Gaurkoa bezalako olatuak daudenean, lehiaketak ez dirudi lehiaketa. Olatu onak hartu ditut eta gozatu egin dut. Bertako jendeak eman didan babesa ere eskertu nahi nuke. Hasiera ona eman diot sasoi berriari. Hurrengoa Bells Beach!».